Esparzaren lana babestu dute 639 lagunek, autoinkulpatuta

Autoinkulpazioak Auzitegi Nazionalera eramanda, eurak ere Josu Esparzaren auzian sartzeko eskatu dute

Juanje Soria eta Ibai Iriarte, atzo, Auzitegi Nazionaleko erregistroan. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Josu Esparza errudun bada eurak ere errudun direla adierazi diote 639 nafarrek Espainiako Auzitegi Nazionalari. Esparza lan politiko publikoa egite soilagatik atxilotu izana aurpegiratu diote; lan politikoa egitea «herritar ororen eskubide zibila» dela ohartarazi diote, eta Esparzari elkartasuna adierazteaz gain, bere buruak inkulpatu dituzte. Eleak mugimenduak bi astean jasotako 639 autoinkulpazioak Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegira eraman zituzten atzo Juanje Soriak eta Ibai Iriartek, Eleak mugimenduko ordezkariek. Autoinkulpazioak erregistroan utzita, 639 pertsona horiek Esparzaren auzi berean sar ditzatela eskatu zuten.

«Sinatzailea jakinaren gainean dago nolako lan politikoa egin zuen Josu Esparzak Nafarroan urteetan», diote Madrilera eramandako autoinkulpazioek. «Esparzaren militantzia politikoa zigortu nahi dute, jendaurrean eta guztien agerian Amnistiaren Aldeko Mugimenduan egindako lana, torturen salaketan eta kartzeletako giza eskubideen urratzeen kontra egindakoa».

Duela astebete atxilotu eta espetxeratu zuten Esparza lan politiko horregatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide izateagatik. Eta, autoinkulpazioak sinatu dituzten herritarren esanetan, atxilotu eta espetxeratzeko arrazoia lan politiko hori egin izana izanik, bere buruak ere erruduntzat jo dituzte. Horrela adierazi diote babesa bai gazte nafarrari, bai berak urteetan egindako lanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.