Esparzak argitu du PSNrekin zuen akordioa «zabalagoa» zela

Bi diputatuek emandako hitza bete ez zutenez edukia «barruan» geratuko dela dio. Geroa Baik edukia kaleratzeko eskatu die sozialistei

joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Bai, akordioa geneukan, eta ikusi zena haren zati txiki bat baino ez zen izan». Atzo goizean, Javier Esparza UPNko presidenteak Radio Euskadiri emandako elkarrizketannabarmendu zuen «zabalagoa» zela lan erreformaren inguruan alderdi sozialistarekin lortutako akordioa. Ostegun hartan, bi aldeek ez zuten ezkutatu Iruñeko Udalean Enrique Maia alkate eta UPNko presidenteordea ez gaitzestea eta hiriburuko aurrekontuetan aldaketa batzuk onartzea onetsi zuela PSNk. Alta, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek kontra bozkatu ostean, akordio horren edukia «barnean» geratuko dela esan zuen Esparzak atzo.

Asteon, Esparza eta Yolanda Ibañez idazkari nagusia Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan gertatutakoaren azalpenak ematen ari zaizkie militanteei. Barruan ez dute bazkide guztiek begi onez ikusten bi diputatuak kanporatzea. Auzia Berme eta Diziplina Batzordearen eskuetan dago, baina ez dago argi noiz hartuko duen erabakia.

Apurka, xehetasun gehiago azaleratzen ari dira. Azken asteetan, hainbat aldiz bildu da Madrilen UPNko ordezkaritza bat Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariarekin, akordio hori negoziatzeko. Bozketaren ostean, barkamena eskatu zion Esparzak PSOEri. Cerdanek atzo PPri aurpegiratu zion bi diputatuen botoa erosi zuela: «PP alderdi ustela da. Borondateak erosten ditu. Inork ez du bere burua saltzen hutsaren truke».

Geroa Bai eta EH Bildu ez dira konforme geratu PSNren azalpenekin. Herenegun, Geroa Baiko Uxue Barkosek eskatu zion Maria Txibite lehendakariari argitaratu dezala UPNrekin hitzartutako akordioa. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, PSNk «erratu» egin du berriro. «Ez da konfiantza ote dugun, baizik eta nola egituratzen diren gehiengoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.