Eskuina, irainaren bidetik

UPNk eztabaidaren tonua igo du Nafarroako Parlamentuan. Esparzak «zabor» deitu die PSNko arduradunei, eta legebiltzarkide erregionalista guztiak osoko bilkuratik atera dira. Feijook iragarri du Iruñean izanen dela abenduaren 17ko protestarako.

(ID_13427642) ESPAÑA AYUNTAMIENTO PAMPLONA
UPNren legebiltzarkideak, gaur, Nafarroako Parlamentuko bilkuratik ateratzen. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko abenduaren 14a
12:00
Entzun

Eskuinari kostatzen ari zaio Iruñeko zentsura mozioaren pilula irenstea. EH Bilduk eta PSNk Cristina Ibarrola alkateari aginte makila kentzeko akordioa sinatu ostean, eztabaida politikoa alboratu eta irainaren bidetik jotzea erabaki du UPNk. Gaur, alderdi erregionalistako presidente Javier Esparzak berretsi du harreman oro eten duela Alderdi Sozialistarekin, argudiatuta «traidore eta iruzurti hutsak direla». Nafarroako Parlamentuan egin ditu adierazpenak, osoko bilkuraren aurretik: «PSNk ez diezagula begiratu ere egin, ez diezagula babesik eska, eta ez gaitzala ezein bileratara gonbida, ez baikara joanen».

Bilkura hasita, are gehiago berotu du giroa. PSNk eta EH Bilduk Iruñean akordioa egin izana aurpegiratu dio Maria Txibiteri, eta esan du PSNren zuzendaritza «zaborra» dela: «Zuen alderdiak arima saldu behar balu boterearen truke, salduko luke». Hitzaldi suhar horren ostean, osoko bilkuratik atera dira UPNko legebiltzarkide guztiak: «Hor konpon», esan dio Esparzak Txibiteri, atriletik jaitsi aurretik. Lehendakariak hitza hartu duenerako, eraikinetik kanpo zeuden erregionalistak. Horrez gain, bilkuran aurkeztekoak zituen proposamen eta galdera guztiak erretiratu ditu UPNk, eta ez du saioko gainerako puntuetan parte hartu.

Cristina Ibarrola alkatea kargutik kentzeko erabakia «UPNri botoa eman dioten milaka nafarren aurkako iraina eta errespetu falta» dela gaineratu du Esparzak. «Baztertu egin gaituzte erkidego honetako esparru politiko guztietatik. Izurria bagenu bezala tratatu gaituzte, eta ez dugu sektarismo hori onartuko», adierazi du. Zehazki, hiru dira UPNk zentsura mozioari erantzunez hartu dituen neurriak: bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa uztea, elkarte propio bat sortzeko; bi, Erribera Garaiko Mankomunitateko presidentearen aurkako zentsura mozio bat aurkeztea; eta hiru, Orkoiengo Udaleko gobernu taldetik ateratzea eta PSNko alkateari babesa erretiratzea.

Atzo hartutako tonu gogorrari eutsi dio Esparzak gaurko adierazpenetan. Esan du sozialistak «traidoreak» direla: «Gezurra esaten dute egunero, hitz egiten duten aldiro. Udal hauteskundeetara aurkeztu zirenean esan zuten ez zutela Joseba Asiron alkate eginen; sei hilabete geroago, Asiron alkate izanen da haiei esker». UPNko presidentearentzat, «lotsagarria» da PSNren norabide aldaketa: «Iruzurti hutsak dira. Hau ez da politika, beste zerbait da. Denak balio du, antza, eta eskandaluzkoa iruditzen zait. Hauek ez dira ez sozialista, ez aurrerakoi, ez ezer. Beren aulkiari begiratzen diote soil-soilik; botere joko hutsa da».

Eztabaidak iraun duen bitartean, Unai Hualde parlamentuko presidenteak kargu hartu dio Esparzari, eta UPNko buruari galdegin dio «legebiltzarrari eta presidenteari zor zaien errespetuaz» aritzeko. Ana Ollo lehendakariordeak ere hizpide izan du UPNren ateraldia: «Ikuskizun tamalgarri baten lekuko izan gara. Erakundeok eredu txarra ematen dugu taberna giroko diskurtsoak erabiltzen ditugunean, eta ez diogu mesederik egiten elkarbizitzari halako espektakuluekin».

PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek ere galdera egin dio UPNri: «Ez ditzatela kaleak erre, ez ditzatela erabili eurek kritikatzen zituzten metodo zaharrak, utz diezaiotela jendea seinalatzeari eta lan egin dezatela bizikidetzaren alde». Areago: erregionalistei eskatu die «purrustada» bukatzeko: «Onar ditzatela arau demokratikoak eta erakundeetako gehiengoak». Izan ere, instituzioak abandonatuta, «boto emaileak umezurtz uzten ditu UPNk», PSNko buruaren ustez.

Udaletik ere, eskapu

Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak ere nahiago izan du eztabaida politikoari izkin egin, eta bertan behera utzi du udalean gaur arratsalderako iragarria zegoen osoko bilkura. UPNk ohar baten bidez justifikatu du erabakia. Alderdi erregionalistaren arabera, «ez zuen zentzurik» osoko bilkura egiteak «oposizioko taldeek aurretik aurkeztutako adierazpenak erretiratu dituztelako», batetik, eta  «beste ezer eztabaidatu behar balitz, badakigulako zein izanen litzatekeen 'ezetzaren koordinakundearen' erantzuna», bestetik.

EH Bilduren eta Geroa Bairen udal taldeek erabakia txarretsi dute. «Trantsizio ordenatu eta adostu bat» eskatu dio EH Bilduk Ibarrolari, «zalapartarik gabe, erakundeen errespetuzko arauak aintzat hartuta eta, batez ere, Iruñeko herritarrei eta zerbitzuen eraginkortasunari begira». Izan ere, koalizio subiranistak «harrigarritzat» hartu du osoko bilkura bertan behera uzteko erabakia, eta UPNri eskatu dio «trantsizio aldi honetan har daitezkeen erabakiak mugatzeko» eta «hiriaren irudia ez hipotekatzeko».

Geroa Baiko zinegotzi Koldo Martinezek «jarrera desesperatua eta defentsiboa» antzeman du UPNren azken urratsen gibelean: «Etsigarria da ikustea UPNk, mekanismo demokratikoen emaitza onartu beharrean, erakundeetako normaltasun demokratikoa ahultzen duten ekintzak lehenesten dituela eta irainak erabiltzen dituela argudioen ordez».

Feijoo Iruñean

Eskuinak bi elkarretaratze antolatu ditu datozen egunetarako, Iruñeko zentsura mozioagatik protesta egiteko. Lehena igande honetan izanen da, Iruñeko Udaletxe plazan, Pamplona no se vende (Iruñea ez dago salgai) lelopean. UPNk antolatu du protesta, baina PPko eta Voxeko ordezkari batzuek ere iragarri dute parte hartuko dutela; besteak beste, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook. Alderdi Popularreko buruak «beharrezkotzat» jo du Iruñeko protestara batzea, «Pedro Sanchezek inoiz sinatu duen itunik miserableenaren aurka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.