Sutan dago UPN, eta kalera eraman nahi du haserre hori. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak Iruñean zentsura mozioa aurkeztu izanak min handia egin dio alderdi erregionalistari, eta sozialistei ordainarazi nahi die hori, bai erakundeetan bai kalean: «Nafarroak eta Espainiak erreakzionatu behar dute, hau guztia ezin baitzaie doan atera Sanchezi eta Txibiteri», esan du UPNko presidente Javier Esparzak, alderdiko afiliatuen urteroko batzarrean. Bi bide planteatu ditu horretarako: batetik, PSNrekin zituen lotura guztiak haustea —«zubi guztiak hautsita daude», esan duenez—; eta bestetik, militanteak eta aldekoak mobilizatzea, kalean presioa egiteko. Bihar dute lehen zita, Iruñeko Udaletxe plazan eginen duten elkarretaratzean. PPko presidente Alberto Nuñez Feijook ere iragarri du Iruñera joanen dela protestarekin bat egitera. «Denok egon behar dugu han», azpimarratu du Esparzak: «[Zentsura mozioa] PSNk Nafarroari eta Iruñeari egindako bidegabekeriatzat jotzen duten guztiak mobilizatu behar ditugu».
Oraingoz, badirudi krisiak eragindako haserreak balio izan diela, behintzat, alderdiko afiliatuak batzeko. Jendetza bildu da gaur goizean UPNk Iruña Park hotelean egin duen urteroko batzarrean, eta Iruñeko zentsura mozioa izan da han zirenen hizketagai bakarra. Auziak, gainera, aukera eman die buruzagi erregionalistei alderdi barruko xextrak tarte batez ahazteko. Han izan da, besteak beste, Miguel Sanz lehendakari ohia, alderdiko egungo buruei sostengua ematen. Azkenaldian, Javier Esparzaren lidergoarekin eta alderdiaren kudeaketarekin oso kritiko azaldu izan da Sanz, baina, gaur, lehen lerroan agertu da Esparzaren aldamenean, batasuna argi irudikatu nahian. Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak ere txalo zaparrada handia jaso du oholtzara igo denean.
Batasunaren aldeko mezu horrekin bat egin du Esparzak bere hitzaldian, Union del Pueblo Navarro izenak unión (batasun) hori berezkoa duela adierazita: «Denok norabide berean egin behar dugu arraun, geure izenari ohore egin eta batasun hori erakusteko; burua altxatu behar dugu, eta Nafarroa defendatzen segitu, sinetsita baikaude bide onetik goazela». Krisiak gorabehera, alderdia «sendo» ikusten du Esparzak: «Horregatik eraso egiten digute denek: bai PSNk, ez duelako onartzen UPN izatea lurralde honetan boto gehien bildu duen indarra; bai EH Bilduk, UPNk irauten duen bitartean zailago izanen duelako bere helburuak lortzea, hots, ETAk zituen helburu berberak».