Traizioa. Hala deskribatu du Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak PSNk "nazionalistekin eta independentistekin" egin duen akordioa. Txibiteri leporatu dio EAJren eta EH Bilduren salbatzailea izatea: "Abertzaleek zu nahiago zaituzte, badakitelako Navarra Suma horma bat dela nazionalismoarentzat". EH Bilduren abstentzioa bilatzea salatu du Esparzak bereziki, ETAren biktimei bizkarra ematea dela esanez: "Etikaren eta moralaren mugak gainditu ditu PSNk".
EH Bildu izan da Esparzaren jomuga. "Gobernu berriaren sostengu nagusia bilakatuko da EH Bildu", esan du eskuindarren bozeramaileak. Esparzak adierazi du akats larria dela ezkerreko nazionalistekin hitz egitea, hasieratik esan baitzuten ez zutela gobernua doan emango: "Nafarroarentzat EH Bildu mehatxu bat zela esan zenuten sozialistek, eta, orain, haien botoei esker lortuko duzue lehendakaritza". Espainiarekin konparatu du Esparzak Nafarroa: "Sanchez ez da nazionalistekin fio; hemen, baina, independentista biolentoenekin egin duzue ituna".
ETA ere askotan erabili du Esparzak EH Bilduren kontra lerrokatzeko. UPNren zinegotzi izandako Tomas Caballero eta Jose Javier Mugica gogoratu ditu Navarra Sumako buruak, ETAk eraildakoak biak. Orduan, ezker abertzalea isilik gelditu zela salatu du. Indarkeria hori gobernu berriaren akordioarekin lotu du: "Orain, Otegiren onespena du gobernu berriak".
Txibitek bultzatu nahi duen gobernu programaren aurka ere gogor aritu da Esparza. Azken legealdiaren jarraipen hutsa dela esan du. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarengana zuzendu da: "Nork esan zezakeen, gaur arte, hauteskundeetan lortutako emaitzei erreparatuta, laukoteak bere programa mantenduko zuela". Konsituzionalistek [Navarra Sumak eta PSNk] gehiengo zabal bat eratu dezaketela gogoratu du, 50 parlamentaritik 31 dituztelako. Beraren ustez, konstituzionalisten eskutik etorri dira Nafarrora garapen sozial guztiak: bobernu berriko alderdiak, aldiz, garapen horren kontra daudela salatu du.
Txaloka lehertu dira Navarra Sumako parlamentariak Esparzak bere diskutsoa amaitu duenean. Unai Hualde parlamentuko presidentea giroa baretzen saiatu da: "Eutsi bozkarioa, mesedez".