Josu Esparza Espainiaratuko duen edo ez hilaren 27an emango du jakitera Paueko Apelazio Auzitegiak. Atzo egin zuten Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) kidearen kontrako euroagindua aztertzeko auzi saioa, eta Esparza Espainiaratzearen alde agertu zen Paueko prokuradorea. AAMk jakinarazi duenez, fiskalak argudiatu du Esparzak AAMn parte hartu izana nahiko arrazoi dela hura estraditatzeko, Espainian mugimendu hori legez kanpo baitago.
Erabakia jakin bitartean, libre jarraituko du Esparzak, kontrol judizialpean. Irailaren 6an atxilotu zuten, Donibane Lohizunen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen euroaginduaren ondorioz. Espainiako Polizia urtarrilean saiatu zen Esparza atxilotzen, Ekinen kontra egindako operazioan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide da Esparza, eta, mugimendu horrek jakinarazi duenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian bizi izan da, bizitza publikoa eginez.
Askatasunak «gogor» salatu du euroagindu prozedura. «Eztabaidaren edukiak erakutsi du erabaki horiek ez direla judizialak, baizik eta politikoak, momentuko interesen araberakoak». Espainiaratzea gertatuko balitz, Paueko Apelazio Auzitegiak «militante politikoak atxilotzea, torturatzea eta espetxeratzea eta elkartasunaren kriminalizazioa bermatzen duela» frogatuko luke, AAMren irudiko.
Aranibarren kontrakoa gaur
Joseba Aranibar Almandoz euskal presoaren kontrako euroagindu eskaerari buruzko auzi saioa gaur egingo dute Parisen. AAMk azaldu duenez, haren kontrako euroagindu eskaera Igor Portu eta Mattin Sarasolak inkomunikazio aldian egindako deklarazioetan oinarrituta dago. Bi horiek tortura salaketa gogorrak egin zituzten, eta Donostiako Auzitegiak onartu egin zuen Guardia Zibilak torturatu egin zituela, epaiketa egin ostean haietako lau agente zigortu baitzituen gertaera haiengatik.
«Frantses agintariek euroagindu hori onartzen badute, beste behin ere praktika basati hori erabiltzen dutela erakutsiko dute», salatu du AAMk.
Euroagindu horren kontra, hilaren 25ean elkarretaratzea egingo dute Uztaritzen.
Esparza Espainiaratu edo ez, 27an erabakiko dute
Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea estraditatzearen alde agertu da prokuradorea, Paueko Auzitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu