Esparru arrotzenean, bultzada berrien bila

Lan mundua euskalduntzeko bidea eguneratu du LAB sindikatuak.Lantokietara ez ezik, euskararen eragin eremu frankotara ere iritsi asmo du: «Normalizazioa ezin da izan borondatearen araberakoa».

LanEus ildo estrategiko berria aurkeztu zuen atzo LAB sindikatuak Donostiako Aquariumean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euskara herren da lan munduan. Aski erdaldunak dira oraindik ere lantokiak, eta arian-arian zenbait pauso eman diren arren, bide nekeza dagoela egiteko uste du LAB sindikatuak; LanEus egitasmoa dauka martxan, bidea errazteko.

Hamabost urte pasatu dira LABek euskararen normalizazioan eragiteko aurreneko plana abian jarri zuenetik. Garaiak aldatu direla eta egindakoak bultzada berria behar duela iritzita, lan mundua euskalduntzeko estrategia gaurkotu, eta euskararen aldeko apustua berretsi du sindikatuak.

Zaharkitua geratu dena atzean utzi, eta tresna berriak bilatu ditu LABek. Hutsetatik ikasi, eta ongi egindakoetatik abiatuta, sindikatuaren euskarekiko lerroa sendotzea da planaren helburua. Honela azaldu du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak: «LABen ikur izan da beti euskara, eta egunerokoan euskaraz jarduteak nabarmen lagundu digu lan munduan gertatzen diren hausturez ohartzeko».

Oztopoak, ordea, ugariak izan dira, eta eraldaketa baten «beharra» ikusi dute sindikatuko kideek, jakin badakiten arren ez dela erronka makala izango. Horretarako, enpresarien eta beharginen inplikazioa ezinbestekoa dela dio Etxaidek: «Ahalegin asko egin ditzakegu jendea euskalduntzeko; alferrik izango dira lan munduan euskara erabiltzerik ez badute».

Urtebeteko parte-hartze prozesu «zabal» baten fruitu da egitasmoa. Orotara, alor anitzetako 190 lagunen ekarpenak jaso ditu LABek, eta orain, garaia ailegatu zaio ereindako «uzta» jasotzeko. «Abiadura behar du prozesuak».

Etxaideren aburuz, izan ere, lan mundua ez euskalduntzeak berealdiko «etena» dakar euskararen normalizazioan. «Lanean euskara erabiltzerik ez badugu, ez dugu euskaraz bizitzerik», esan du, eta erantsi: «Etorkizunik badu, laneko erabilera indartu behar da».

Enpresen jarrera usu ez da izaten positiboa. Dena dela, oro ez da iluna. Badira «borondatea» agertzen duten enpresak, euskararen aldeko neurriak ontzat jotzen dituztenak. Etxaide: «Horrek erakusten digu bide onetik goazela». LABen arabera, euskararen normalizazioa ezin da izan tokian tokiko borondatearen araberakoa.

Oraindik badela lana egiteko onartu du Etxaidek, eta abiapuntu gisa erabateko normalizazioa ipini du. «Hizkuntza eskubideak bermatuko dituen eredua eraikitzeko beta daukagu». Era berean, argi du helmuga: «Euskaratik eta euskararentzat eraikitzea Euskal Herria. Ezin da euskara sustatzen ibili gaztelaniaz hitz egin artean».

Justuki, gaztelania nagusi zen giroan jaio zen LAB; bestelako asmoak dauzka egun. Bi hanka ditu haren estrategiak: SinEus, LABen barne euskalduntzea xede duena; eta LanEus, kanpora begirakoa. Egitasmoan epe luzerako premisak finkatu arren, planak garatu asmo dituzte epe motzeko eta ertaineko premiei erantzute aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.