ETA desarmatzeko prozesuan Frantziako eta Espainiako gobernuen parte hartzea eskatu zuen Sortuko presidente Hasier Arraizek, atzo, Info 7 irratian eginiko hitzetan. Arraizen arabera, munduan gatazka politikoak egon diren toki guztietan parte hartu behar izan dute gobernuek konponbidea lortzeko, eta euskal gatazkan ere hala egin beharra nabarmentzen du. ETAren desarmatze prozesuak antolatua izan behar zuela azpimarratu zuen, baina Espainiak ez duela horretan parte hartu nahi erantsi: «Ematen du Espainiak ez duela prozesua erraztu nahi, eta orain arte izan dugun blokeo egoera honetan jarraitu nahi duela , eta hori tamalgarria da».
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak euskal presoen sakabanaketa eta urruntzea amaitzeko deia egin ostean egin zuen berba Arraizek, eta hau esan zuen horren inguruan: «Borroka armatua amaitu eta ia bi urtera horrela egoteak ez du zentzurik. Hainbat familia milaka kilometro ari dira egiten Espainiako eta Frantziako estatuetan barrena, beren senideak espetxean ikusteko». Horren harira, nabarmendu zuen desarmatzeak, berez, ez duela bakea ekarriko, ez bada presoen gaian aurrerapausorik ematen eta Espainiako zein Frantziako gobernuek ez badituzte «euskal herritarren nahiak onartzen».
Egibarrek ere hitz egin zuen herenegun, eta Euskadik «estatu gisa pentsatu eta jokatu» behar duela aldarrikatu zuen bean. Arraizen arabera, «norabide ona» da Egibarrena, baina helburuak burujabetza izan behar du. «Euskal Herria bere buruaren jabe izatea bilatzen duen eragile politiko orori eskua luzatuko diogu, baita EAJri ere; horretarako ahalegin guztiak eta bost egiteko prest gaude», azaldu zuen. Horrela, era berean, EAJri harmailetatik jaisteko eta «ikusle papera uzteko» dei egin zion Arraizek: «Beti gainontzekoei zer egin eta nola egin behar dugun esaten ibiltzen da EAJ, baina uste dut noizbait kontatu behar digutela beraiek zer egin nahi duten; gu nahiko argiak izan gara gure asmoetan eta zer egin nahi dugun esplikatzen. Jendaurrean zein pribatuan esan dugu bide hori EAJrekin jorratzeko prest gaudela, baina beraiek esan beharko digute hala egin nahi duten ala ez».
Erabakitze eskubidea
Arraizen arabera, datorren lan urte politikoa oso garrantzitsua izango da, Europan erabakitze eskubidearen inguruko aldaketak emango direlako: «Hala izango da Eskozian eta Katalunian, eta guk uste dugu Euskal Herrian ere arlo horretan urrats garrantzitsuak egiteko urtea izan behar duela». Sorturen asmoa, beraz, Euskal Herria nazio gisa aitortzen duten eragileen artean akordio zabal bat jostea izango dela jakinarazi zuen: «Ebazteko Euskal Herrian noiz eta nola mamitu behar dugun erabakitze eskubidea».
Espainiari eta Frantziari ETAren desarmatzean parte hartzera deitu die Arraizek
ETAri desarmatzeko borondatea ikusten dio Sortukoak, baina bakea ez dela horren barruan etorriko uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu