Andoni Txasko. Martxoak 3 elkarteko bozeramailea

«Espainiari doan irteten zaio giza eskubideen araudia ez betetzea»

Txaskok uste du «mugarria» dela Europako Parlamentuak onartu izana biktimen elkarteak Espainiaren aurka jarritako salaketa. Europak Espainiari «kargu hartzea» espero du.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ostegunean 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil zituela; gertaera haien harira, jardunaldiak egingo dituzte bihar eta etzi Arabako hiriburuan. «Zigorgabetasuna salatu eta errepresioaren argazkia atera nahi dugu», azaldu du Andoni Txasko biktimen elkarteko eledunak (Kanpezu, Araba, 1955).

Oraindik, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen duzue.

Espainiako Estatuak ez du eragindako mina aitortu nahi, eta sarraskiaren erantzule politikoak babesten jarraitzen du. 40 urteren ostean, oraindik ez dugu lortu Gasteizko gertakariak epaitzea eta arduradunak zigortzea, baina bertsio ofiziala apurka-apurka aldatzen ari gara. Alta, justiziari dagokionez, ezinezkoa izan zaigu Espainian ezer lortzea, eta beste bide batzuk jorratu behar izan ditugu Europan eta Argentinan.

Zuen aldarrikapenak betetzeaurrun ikusten duzue oraindik?

Egia jakin dadin, lorpen garrantzitsuak egin ditugu: jada ez gaituzte terroristatzat hartzen, eta gure kontakizunak sinesgarritasuna lortu du. Baina, oraindik, diskriminazioa agerikoa da biktima batzuen eta besteen artean. Ordainari dagokionez, pauso oso txikiak eman dira, eta, gaur egun,baztertuta sentitzen gara. Gure nahia da estatuak aitor dezala gertakarietan izan duen erantzukizuna.

Espainiako Justiziarekin etsituta zaudete?

Espainian adarra jo digute, hasieratik. Sumarioak irekitzeko zailtasun handiak izan ditugu, eta,ireki direnean, terrorismo delituagatik egin dute, gu terroristatzat jo gaituztelako. Azkenean, sumario guztiak artxibatu egin dituzte, delitu zantzurik ez dagoela argudiatuta. 2010ean, Argentinako kereilara gehitzea erabaki genuen, eta egun kereila hori da aurrera jarraitzen duen bakarra.

Argentinako kereila zertan da?

Maria Servini epailea lanean ari da, baina Espainiako Gobernua oztopoak jartzen ari da auziak aurrera jarrai ez dezan. Hainbat torturatzaile eta bestelako arduradun politiko estraditatzeari uko egin dio Espainiak, gertaerak preskribitu direla edo amnistiatuta daudela argudiatuta. Onartezina da, Espainiak nazioarteko araudia errespetatu behar du.

Bide hori sorterrira ere gerturatu da: krimenak jasan zituzten pertsonak banakako kereilak aurkezten ari dira Euskal Herrian, eta udalek ere kereilak jartzeko pausoa eman dute.

Udalerrietan izan diren biktimek eta tokiko erakundeek kereilak aurkeztea ongi dago, baina zalantzan jartzen dut Espainiako justiziak berme guztiekin lan egingo duenik. Espainian epaitzea ongi dago, baldin eta berme guztiekin egiten bada, hau da, nazioarteko begirale independenteekin.

Europan ere zirrikitu txiki bat ireki da, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak zuen kexa tramiterako onartu berri duelako.

Oso positiboa da gure salaketa tramiterako onartu izana, eta uste dugu mugarri bat dela. Espainiako Estatua salatu dugu, nazioarteko giza eskubideen araudiak errespetaraztera behartzeko, eta Argentinako epaileak Gasteizko gertakarien erantzuleak estraditatzeko egindako eskaera bete dezala exijitzeko. Batzordeak ez ditu Gasteizko jazoerak ikertuko eta ez ditu erantzukizunak zurituko, baina Espainiari exijitu ahal dio gertaera horiek iker ditzala eta nazioarteko araudia bete dezala.

Mugarria da zigorgabetasuna amai dadin?

Bai, aukera hori zabaldu egin da, baina ikusi beharko da zer esaten duen Balorazio Batzordeak. Europak Espainia kargu hartzeko itxaropena dugu. Izan ere, beste herrialde batzuei ez bezala, Espainiari doan irteten zaio giza eskubideekin lotutako legedia ez betetzea. Ez dugu ulertzen.

40 urte inpunitate osoz lelopean nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzue Gasteizen, bihar eta etzi. Zein mezu zabaldu nahi duzue?

Espainiako Estatuaren zigorgabetasuna salatu nahi dugu, etamahai gainean jarri nahi ditugu memoria, erreparazio eta aitortza politikek beste herrialdeetan duten garapena. Nazioarteko esperientziak Espainiarekin eta Euskal Herriarekin alderatu nahi ditugu, eta errepresioaren erradiografia bat egin nahi dugu 1936tik gaur egun arte. Jardunaldietan, besteak beste, giza eskubideen aldeko borrokan laneskerga egin duten pertsona esanguratsuen lekukotasunak entzungo ditugu, beste herrialdeetako esperientziak jasoko ditugu, eta alderdi politiko guztietako ordezkariak eseriko ditugu mahai berean, oroimen historikoarekiko jarrera azal dezaten.

Orain arte ez bezala, aurten erakundeek lagunduta antolatuko dituzue urtemugako ekitaldi asko. Zer aldatu da?

Azkenaldian erakundeen babesajasotzen ari gara, zuzenean edo zeharka bada ere. Hala ere, guk erakundeei eskatzen diegu aitortza hori benetakoa izan dadila, ez dadila izan itxura egiteko, benetako aitortza eskaintzea delako hildakoei egin dakiekeen omenaldi hoberena.

Eusko Jaurlaritzak aitortu berri ditu 187 biktima, Espainiako Estatuak 1960tik 1978 arte eragindakoak. Zer iritzi duzu?

Esan daiteke pauso bat eman baino gehiago pausoa emateko lehen saioa egin duela Jaurlaritzak. Galdera da: 1960tik 1978 arte, soilik 187 lagun izan dira Poliziaren biktima? Ezinezkoa da hain gutxi egotea, milaka direlako. Zerbaitek huts egin du: izan daiteke proiektua ezagutarazteko modua ez dela egokiena izan, edo biktima askok beldurragatik ez dutela eman izena. Dekretuaren izena ere zalantzan jartzen dugu, 107/2012 Dekretuak aitortutako biktimak deitzen dietelako. Bereizketa argia egiten dute biktimen artean: terrorismoaren biktimak deitzen diete batzuei, eta, motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimak, ahoskatzea zaila den izen luze horrekin izendatzen gaituzte besteok. Guk ez dugu eskatzen biktimak berdintzeko, baizik eta, giza eskubideen urraketa eta sufrimendua berbera baldin badira, aitortza eta ordaina berbera izateko. Biolentzia politiko izendapenaren azpian denak sartu ahal garela uste dut.

Jaurlaritzak onartzeko asmoa duen Poliziaren indarkeriaren biktimen legeaz zer espero duzue?

Orain da abagunea Jaurlaritza lantzen ari den biktimen lege berria integrala izan dadin. Jaurlaritzak aukera du lege berrian bidegabekeria guztiek isla izateko, errepresioa islatzeko, eta arduradunak epaitzeko bideak ezartzeko. Lege berrian kasu denak sartu beharko lirateke, 1936tik gaur artekoak. Biktima guztiak aitor ditzala, justizia ezar dezala eta aitortza egin diezaiela eskatzen diogu. Jaurlaritzak beldur die Espainiako Gobernuak jar ditzakeen helegiteei, baina, horri aurre egiteko planto egin behar du, eta nazioarteko legedia errespetatu. Espainiak helegitea jartzen badu, Estrasburgora jo beharko du hori salatzera, bainaezin da geldirik geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.