Espainiaren «zigorgabetasun estrategia» salatuko dute Gasteizen

Martxoaren 3ko biktimak gogoan izango dituzte bihar, gertakarien 46. urtemugan. Argentinako Kereilako hainbat elkarte izango dira ekitaldietan. Arabako kereila abiatzeko eskatu diete instituzioei

Martxoak 3 elkarteko kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Bihar 46 urte beteko dira Polizia armatuak bost langile tiroz hil eta beste ehunka zauritu zituenetik Gasteizen. Aldarrikatzeko eta oroitzeko eguna izango da biktimentzat, eta, urtero legez, egia, justizia eta erreparazioaren aldeko oihuak ozen entzungo dira hirian. 46 urte igaro eta gero, Espainiako Estatuaren «zigorgabetasuna» salatzeko arrazoiek bere horretan diraute, eta, Martxoaren 3ko biktimek ohartarazi dutenez, borrokan jarraitzeko aski arrazoi badira.

Bihar deitutako ekitaldietanparte hartzeko deia egin zuten atzo Martxoak 3 elkarteko kideek. Jakinarazi zutenez, Ceaqua Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako Plataforma osatzen duten hainbat elkartek parte hartuko dute omenaldi eta protestetan: besteak beste, Iruñeko, Sartagudako, Kataluniako, Madrilgo, Asturiasko eta Valentziako ordezkaritzak izango dira Gasteizen. Modu horretan, erakutsi nahi dute 1976ko sarraskia ez dela gertakari «bakan» bat, «estatu indarkeriaren errepresio eta zigorgabetasun estrategia sistematiko eta estruktural baten icebergaren punta baizik».

Jacinto Lara abokatuak nabarmendu zuen Argentinako kereilak «mugarria» ezarri duela estatuaren indarkeriaren «zigorgabetasunaren» aurkako borrokan. Izan ere, lehen aldiz Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia auzipetu dute giza hilketa larriagotuengatik. Lararen ustez, «Espainiako bidegabekeriaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan eman den pausorik garrantzitsuena izan da».

Elkarteko kideek azpimarratu zuten Estrasburgora eraman nahi dutela auzia, eta horretarako bide oro urratu nahi dituztela. Besteak beste, Arabako instituzioekin batera frankismoaren krimenak argitzeko kereilaren bidea berriro aktibatzeko lan egingo dute.

Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko asmoen inguruan, berriz, ohartarazi zuten «hitzetatik ekintzetara» igaro beharra dagoela eta gune hori «duina» izan dadin biktimek parte hartze zuzena izan beharko dutela. «Edo guztien artean da, edo ez da izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.