Urritik aurrera herriko tabernen auzian eta Segiren aurkakoan Espainiako Auzitegi Nazionalak 76 auzipetu epaituko ditu, eta horien ordezkaritza bat Europan zehar ibiliko da astelehenetik aurrera. Epaiketen nondik norakoen berri emateko eta «Espainiaren jokabidea biluzarazteko», Europako bost hiri esanguratsutan egongo dira, hainbat abokatu eta «adituren» laguntzarekin. Estrasburgon, Bruselan, Belfasten, Dublinen eta Edinburgon emango dute auzi politikoen berri, instituzio, alderdi eta eragileetako ordezkariekin bilduta.
Hori izango da auzipetuek egoeraren berri emateko nazioartean egingo duten lehen bira, baina ez bakarra. Epaiketak gerturatu ahala nazioarteko lana areagotu egingo dutela iragarri dute.
Euskal Herriari begira
Nazioarteari begira ez ezik, Euskal Herriari begira ere ari dira lanean auzipetuak. Alderdi, instituzio eta gizarte eragileetako ordezkariekin bilerak egiten ari dira aurrez aurre, eta konpromisoak biltzen. Karmelo Landa auzipetuak azaldu duenez, epaiketen lehen egunean Auzitegi Nazionalera joanda epaituei babesa adieraztea da eskatutako konpromisoetako bat, eta, beraz, Euskal Herritik ordezkaritza zabala espero dute Madrilen.
Euskal herritarrei dagokienez, «epaiketen norabidea iraultzen» laguntzeko eskatu diete, eta, hartarako urrats gisa, bihar Lekeition egingo den Libre Egunera joateko. 12:30ean Lekeitioko portuan egingo den «ekitaldi ikusgarrian» parte hartzeko gonbita egin diete.
«Espainiaren jokabidea biluzarazteko», Europan zehar ibiliko dira auzipetuak
Libre Eguna egingo dute Lekeition, eta hor parte hartuta «epaiketen norabidea iraultzen» laguntzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu