Espainiaren jarrera aldatzen saiatuko da Aralar Europako Parlamentuan

Uztailaren 11n hartu zuen Irazabalbeitiak europarlamentari kargua, Herrien Europa koalizioaren izenean

Erredakzioa
Donostia
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Europarlamentari lanetan ari da Aralarreko kide Iñaki Irazabalbeitia joan den uztailaren 11z geroztik. Herrien Europa koalizioko kide da alderdia, EA, ERC, BNG Chunta eta Berdeekin batera, eta hari egokitu zaio orain kargua hartzea, txandakatze sistemaren ondorioz. Irazabalbeitiak jakinarazi duenez, bi ardatz nagusi izango ditu Europako parlamentuan:«ETAk jarduera armatua behin betiko eten izanak ireki dituen aukera errealitate bihurtzea» eta bestelako Europa bat aldarrikatzea, «demokratikoagoa eta sozialagoa».

Donostian egindako agerraldian azaldu duenez, konponbide prozesuaren inguruan Espainiak duen jarrera «geldikeriazkoa» aldatzen ahaleginduko da Irazabalbeitia: «Beharrezkoa da Europako agintariek nolabait prozesuan parte hartzea, jarrera hori aldarazteko». Horretarako, Europako parlamentutik «lobby lana» egitea izango da Aralarren lehentasunetako bat.

Bide horretan, europarlamentariak jakinarazi zuen gutun bat bidali diola Justizia, Oinarrizko Eskubideak eta Herritartasun komisario Vivian Redingi. Horrela, Redingi galdegin zion Gernikako alkate Jose Maria Gorroñoren inputazioa —Espainiako Auzitegi Nazionalak inputatu zuen, Gernika Saria Arnaldo Otegiri emateagatik— eta, oro har, «salbuespen legedia» bertan behera utz dezala eskatzeko Espainiari.

Eskaerak bideratzeko aukera

Europako eredu sozial eta politikoaren inguruan, berriz, «ongizate estatua» eta nazioen erabakitzeko eskubidearen aldeko ekinbideak abiaraziko dituztela azaldu zuen Irazabalbeitiak. Parlamentuko lau batzordetan jardungo du lanean Aralarreko kideak: Eskualde Garapenean, Arrantzan, eta Emakumeen Eskubideen eta Parekidetasunean eta Eskaeren batzordean.

Azken hori herritarrentzat nahiz gizarte eragileentzat «bereziki interesgarria» dela gaineratu zuen Irazabalbeitiak, parlamentuari eskaerak egiteko. Hala, tresna hori erabiltzera deitu zituen guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.