«Espetxean euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketen» berri eman diote Nazio Batuen Erakundeari Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Nazio Batuen Erakundearen CETIM kontsultarako elkarteak. Talde horrek kontsulta lanak egiten ditu erakundean, eta Giza Eskubideen Behatokiak garrantzitsutzat jo du elkarlanean aurkeztutako adierazpena, «gizarte zibilari» hitza emateko tresna bat gehiago delako. Gainera, horretaz baliatuta bertan dauden gobernu guztiek Euskal Herriak egun bizi duen egoeraren berri izango dutela nabarmendu du elkarteak. «Jada adierazpena Nazio Batuen webgunean dago;bere egin dute».
Horrez gain, Nazio Batuen Erakundean ahozko adierazpenak egiteko aukera eskaintzen du erakundeak, eta egungo egoeraren berri emateko baliatuko dutela jakinarazi du Behatokiak: «Hemen bizi dugun errealitatea kaleratzeko beste tresna bat da, eta garrantzitsua da hori ere baliatzea. Hor, euskal presoek espetxe politiketan zein urraketa jasaten dituzten entzungo dute gobernuek».
Nazio Batuen Erakundeak eskubide urraketak salatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu. Ez da Behatokiak erakundera jotzen duen lehen aldia, aurretik ere torturaren aurkako eta giza eskubideen babeserako kontalariekin egon izan baita. Behatokiak gogorarazi du, gainera, giza eskubideen babeserakokontalariak «kritika zorrotzak» eginzizkiola Espainiari epaiketa politikoengatik. Oraingoan modu orokorrean gobernuz kanpoko erakundeen bitartez gizarte zibilari hitza ematea da helburua; beraz, elkarte bakoitzak bere adierazpena bertara eramaten du. Ez dute aurrekoek bezala gai konkretu bat soilik lantzen, nork bere gaia eraman eta jorratzeko aukera eskaintzen du.
Behatokia eta CETIM elkarteek lau egoera salatu dituzte Nazio Batuen Erakundeei helarazitako adierazpenean: presoen aurkako sakabanaketa politika, preso gaixo larrien egoera, zigorra beteta duten presoena eta atxiloketa eta espetxealdi prebentiboa.
Egin duten eskaera
Adierazpenean eskatu dute euskal presoei ezarritako sakabanaketarekin behin betiko amaitzeko, haien bizilekutik batez besteko 1.300 metrora egoteak eragiten duen gastu ekonomikoagatik, errepideko arriskuagatik... Horrez gain, «osasun eskubideen eta giza duintasunaren eskubideen urraketekin» amaitzeko eta gaixotasun sendaezinak dituzten presoak askatzeko ere eskatu dute, espetxean egonik ez dutelako behar bezalako arreta jasotzen, haien esanetan. Zigor luzeak eteteko ere eskatu dute; Parot doktrina aplikatu zaien presoak askatu beharko lituzkeela Espainiak, eta Frantziak eta Espainiak zigorrak bateratu beharko lituzketela uste dute. Horren harira, Estrasburgoko Auzitegiak Ines del Riori buruz hartutako erabakia ekarri dute gogora. Eta espetxealdi prebentiboekineta «justifikaziorik gabeko» atxiloketa prebentiboekin amaitzeko, eta espetxealdi prebentiboa espetxealdia baino luzeagoa izan dutenei eta absolbituak izan direnei kalte-ordain eskubidea onartzeko eskatu dute, «euskal hiritar ugarik lau urteko espetxealdi prebentiboaren muga bete izan dute epaiketarik izan gabe» gogorarazi dute testuan.
Adierazpena Nazio Batuen Erakundean aurkezteaz gainera, Espainiako eta Frantziako gobernuei gogorarazi diete giza eskubideen babeserako nazioarteko instrumentu gehienak berretsi dituztela; beraz, berresten dituen horiek betetzera«behartuta» daudela. Hori hala izanik, bi elkarteek uste dute egindako lau eskaera horiek ere aplikatu beharko lituzketela estatuek.
Espainiaren eta Frantziaren espetxe politika salatu du NBEn Eskubideen Behatokiak
Sakabanaketa, 'Parot doktrina', atxiloketa prebentiboak eta gaixo larrien egoera salatu dituzte adierazpenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu