Atzo goizean atxilotu eta Espainiaratu zuen Frantziako Poliziak Iñaki Imaz, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu bat tarteko. Ohi bezala Hendaiako polizia etxean sinatzera joan zenean atzeman zuten —astean bitan joan behar zuen—, 10:00etan. Espainiako Poliziaren esku utzi zuten ondoren, Auzitegi Nazionalera eramateko —gaur deklaratuko du Ismael Moreno epailearen aurrean—. Ohiko bizimodua zeraman Imazek, Urruñan (Lapurdi).
Joan den abuztuaren 6an ere atxilotu zuten Imaz, Hendaian. Emaztearekin eta haurrarekin zihoala atzeman zuten orduan, eta pistola bururantz zuzenduz atera zuten autotik. Aske utzi zuten ordu batzuen buruan. Irailaren 18an, ordea, onartu egin zuten euroagindua. Ez zuten espetxera bidali, baina astean bitan polizia etxean sinatzeko baldintza ezarri zion epaileak. 2007ko maiatzetik zuen eskatua Auzitegi Nazionalak Imazen aurkako estradizioa; «ETAren aparatu politikoan» aritzea egozten dio.
«Bakearen aurkako arma»
Imazen atxiloketa eta Espainiaratzea «bake prozesuaren aurkako salbuespenezko neurria» dela salatu du ezker abertzaleak. Frantziako Barne ministro Manuel Vallsi mintzatu zaio Maribi Ugarteburu bozeramailea, eta adierazi duenez, «Aurore Martinen bahiketaren» bidetik doa atzokoa: «Indarrean ezarri gabeko euroaginduak mahai gainean jarri eta bakearen aurkako arma gisa baliatzen ditu, Espainiako Barne Ministerioaren ildotik».
Euskal gizarteak, berriz, elkarrizketan oinarritutako konponbidearen eta Aieteko Adierazpenean zehaztutako bidearen alde egin duela nabarmendu du Ugarteburuk: «Ipar Euskal Herrian, gainera, bereziki da zabala adostasuna». Atzo bertan, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten Urruñako Pausun estradizioa salatzeko. Gaur, Donostiako Easo plazan elkartuko dira, 19:15ean—donostiarra da Imaz—.
Bestalde, Londresko Auzitegiak atzo jakinarazi zuen abenduaren 12an erabakiko dutela Kemen Uranga Espainiaratu ala ez. Preso dago Uranga Londresen.
Espainiaratu egin dute Imaz, Hendaian atxilotu ondoren
Polizia etxean sinatzera zihoala atzeman dute, euroagindu bat dela eta; gaur izango da epailearen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu