Espainiako segurtasun indarren zaintzapean egin dute Ospa Eguna

Guardia Zibilaren presentzia nabaria izan arren, giro onean egin dituzte ekitaldi guztiak. Ehunka pertsona batu dira arratsaldeko kalejirara

Jai giroan egin zuten arratsaldeko kalejira Altsasun. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Atzo goizean goizetik, Guardia Zibilaren presentzia nabaria izan zen Altsasun (Nafarroa). Ospa Eguna debekatu ez, baina «zaintzeko» agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok, «ez dadin terrorismoa goratu edo justifikatu, edo biktimak iraindu». Halakorik gertatuz gero egileak identifikatzeko eta haien nortasun agiriak epailearen esku uzteko eskatu zuen, gainera. Epailearen oharrak, baina, ez zuen baldintzatu atzoko egitaraua, eta ekitaldi guztiak normal egin ahal izan zituzten parte hartzaileek. Guardia Zibilaren helikopteroa etxeen teilatuetatik metro gutxira zebilela salatu zuten hainbat bizilagunek sare sozialetan, eta patrolak ere ibili ziren herrian, baina ez zuten inor atxilotu, ezta identifikatu ere, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren arabera.

Oroimena eta umorea

Goizean, Alde Hemendik izeneko herri lasterketan parte hartu zuten dozenaka gaztek, eta, eguerdian, bazkari jendetsua egin zuten Iortia kultur gunean. Ekitaldi ikusgarriena, baina, arratsaldeko kalejira izan zen. Azken hamarkadetan Sakanan gertatutako pasadizo eta gertaerak gogoratu zituzten ibilbide osoan, indar polizialen jazarpena ardatz gisa hartuta betiere: Enrike Zelaiak 1989an sufritutako erasoa; lau gazte sakandarren atxiloketa 2000. urtean; gaztetxearen aurkako erasoak; gerra zikina nahiz tortura kasuak; eta 1.000 egun preso daramatzaten Altsasuko gazteen auzia, besteak beste.

Ehunka pertsona batu ziren kalejirara, eta jai giroan egin zuten ibilbidea. Hainbat gunetan, umorez irudikatu zuten han gertatutakoa. Foruen plazako kioskoan, esaterako, Albert Riveraren erretratua jarri eta Espainiako banderatxoak astindu zituzten hainbat gaztek, gogora ekarriz Ciudadanos, PP eta Vox alderdiek iaz eginiko ekitaldia. Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko «maleta bete arrazoi» dutela aldarrikatu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.