Ardura karguetan aldaketak egin ditu Espainiako PPk, eta euskal herritar gehiago jarri ditu postu horietan. Ana Beltranena da saltorik handiena, Nafarroako PPko presidentearena: Antolakuntza idazkariordea izango da, alderdiko hirugarrena. Aurreko bi legealdietan Nafarroako parlamentari izan zen Beltran, eta 2017az geroztik da Nafarroako PPren buru. Martxoan egin zuen Madrilerako lehen urratsa: Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Madrilgo listan sartu zuten, bosgarren lekuan, nahiz eta Nafarroako alderdiaren ardura izan. Espainiako Kongresuko diputatu da orain.
Nafarroako PP osatu zutenetik, 2008tik izan da afiliatua. Foru bozetara 2011n aurkeztu zen, eta lau legebiltzarkideetako bat izan zen. Handik lau urtera, 2015eko hauteskundeetan, parlamentari bakarra lortu zuen PPk: Beltran bera. Lauko gobernuaren aurka oso gogor aritu zen aurreko agintaldian. Azken egunetan ere bai, sozialisten kontra, gobernurako akordioa dela eta: «traizio» egitea leporatu dio PSOEri. Izatez, Beltran argi azaldu da Navarra Suma koalizioaren formula —PP, Ciudadanos eta UPN ditu kide— zabaltzearen alde: «Espainia osora heda daiteke. Formula arrakastatsua da, eta eragotziko zuen Pedro Sanchezek gobernua izatea».
Beltranek beste euskal herritar bati hartuko dio erreleboa: Javier Maroto izan da orain arte Antolakuntza idazkariordea. Espainiako Senatuan jarri diote ardura Marotori orain: bozeramaile. Gogoan izatekoa da azken egunetan harrabotsa eragin duela Maroto senatari izendatzeko bideak: bozetan Espainiako Kongresurako zerrendaburu izan zen Maroto, baina ez zuen posturik lortu. Orain, zeharka sartu dute Senatura: Gaztela eta Leongo Parlamentuak izendatuta. Horretarako, Segoviako herri batean erroldatu da, nahiz eta, jakina, ez den han bizi. SOS Arrazakeriak salaketa jarri du, gezurrezko errolda delakoan —Marotok berak gogor jo zuen migratzaileen erroldaren aurka—.
PPren arduradun izango da Edurne Uriarte bizkaitarra ere—Fruizen jaioa da—: Ikerketen eta Programen idazkaria izango da. Politologoa da ikasketaz, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izana. Abertzaletasunari buruzko lan ugari argitaratu ditu, baita feminismoaren aurkakoak ere. PSE-EEko kide izan zen, baina Espainiako Gorteetarako azken bozetan PPren listan joan zen, eta diputatua da gaur egun.
Espainiako PPk Antolakuntza arduradun jarri du Ana Beltran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu