Atxiloketa

Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua euskal preso ohia atxilotu du, Hernanin

2001eko hilketa batekin lotu du Auzitegi Nazionalak. CAFeko langile batzordeak bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu.

Itxaso Zaldua. ETXERAT
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 21a
08:41
Entzun

Espainiako Poliziak Itxaso Zaldua euskal preso ohia atxilotu du gaur goizean, Hernanin (Gipuzkoa), CAF lantokira lanera zihoala. Manuel Gimenez Abad Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketarekin zerikusia duelakoan, auzi bat ireki diote Auzitegi Nazionalean, Efe berri agentziak zabaldu duenez. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an. Santiago Pedraz epaileak zuzendu du Zalduaren aurkako operazioa. ETAri Frantzian ustez aurkitutako dokumentazioan, hura atzemateko zantzuak aurkitu dituzte, Efek dakarrenez. Pedrazek iaz Mikel Karrera euskal presoa auzipetu  zuen Gimenez Abaden hilketarekin lotuta, hura izan zelakoan tiroaren egilea.

Zaldua Madrilera daramate, epailearen aurrera. Ez daukate inkomunitatuta. 2005eko apirilean ere atxilotu zuten, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan utzi zuten aske, 45 urte zituela, Frantziako zigorra bete eta Espainiaratu ostean.

Sortuk atxiloketa salatu du, eta «aski» dela esan du. «Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen jarraitzekoa». Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die «behingoz bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua» egin dezatela. «Atxiloketa hau beste oztopo bat da herri honek determinazio osoz hartutako norabidean; bakera, bizikidetzara eta askatasunera bidean. Berresten dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko garaia dela, eta ez errepresioan tematzekoa». Sorturen arabera, Euskal Herriaren eta estatuaren arteko harreman politikoa «oinarri demokratiko sendoen gainean» eraiki behar da. «Horretarako, ezinbestekoa da arazoei arrazoizko konponbidea ematea, berme nagusiak euskal jendartearen aktibazioa eta inplikazioa izanik». EH Bilduk adierazi du halako atxiloketek ez dutela lekurik Euskal Herrian.

CAFeko langile batzordearen oharra

CAFeko langile batzordeak ohar batean azaldu du Beasaingo (Gipuzkoa) lantokiko Logistika saileko langilea dela Zaldua; «Berriro preso politiko ohi baten kontra jotzen dute», dio langile batzordearen oharrak. Bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu: «Euskal langileok bakerantz eta askatasunerantz aurrera egingo duen agertoki bat behar dugu, Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmena errespetatuko duena. Garai berri batean, edozein aukera politiko gauzatzeko aukera eman beharko litzateke, herriaren borondatearen muga bakarrarekin. Horrelako operazioek gaindituta egon beharko luketen garaietara garamatzate. Ez da atxiloketetarako, poliziarako edo kartzelarako garaia». Zaldua berehala askatzeko eskatu du batzordeak, eta CAFeko langile guztiei dei egin die bihar ordubeteko (10:00-11:00) lanuzte boluntarioa egitera, eta aldi horretan biltegi nagusian egingo duten elkarretaratzean parte hartzera. «Itxaso bere lanpostuan nahi dugu berriro».

CAFeko LABek ere deitoratu du atxiloketa: «Berriro preso ohi batekin tematu dira. Horrelako ekinbideak berehala eteteko eskatzen dugu. Haien ezintasunaren aurrean, iraganeko formulak besterik ez ditu eskaintzen Espainiako Estatuak».

Sarek deituta, 20:00etan manifestazioa bat izango da Hernanin, Gudarien plazatik irtenda. Hernaniarra da Zaldua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.