Espainiako Poliziak Indar Gorri zale taldeko kide bat atxilotu du gaur goizean. Gorroto delitua leporatzen diote, zale taldearen sare sozialetan futbolari israeldar baten inguruan argitaratutako mezuagatik. Urrian, Granada taldearen aurkako partida jokatu behar zuen Osasunak Sadarren, eta talde horretako jokalari Shon Weissmanen inguruko mezua jarri zuten Indar Gorriren sareetan. Gaur bertan utzi dute aske atxilotutako kidea.
Osasunako zaleen taldeak azaldu duenez, «Weissman sionistak Palestinaren aurkako genozidioa babestu zuen bere sareetan». Horregatik, jokalari islaeldarraren taldea Iruñera jokatzera zihoan astean, Indar Gorrik argitalpen hau jarri zuen X sare sozialean: «Shon Weissman kanpora. Sionismo-faxismoa suntsitu». Azkenean, Weissmanek ez zuen Iruñean jokatu, «segurtasun arrazoiak» direla medio.
Aurrez, jokalari islaeldarra bera ere salatu zuten ustezko gorroto delitu batengatik. Granadako (Espainia) biztanle batzuek egin zuten salaketa, Weissmanek bere sareetan idatzitako mezu batengatik. Soldadu israeldar bat arma eskuan bi gizon palestinarri apuntatzen ageri zen argazki bati honela erantzun zion X sare sozialean: «Zergatik ez die burura tiro egiten?».
Indar Gorrik adierazi duenez, «ez da berria» Espainiako Poliziaren jokabidea: «Beste errepresio kasu bat borroka egiten duten eta elkartasuna adierazten duten harmailen aurka». Era berean, argi utzi du Osasunako zaleen taldeak ere bere bidetik jarraituko duela: «Gure aldetik ere ezer berririk ez, aldarrikapena gure harmailetara eramaten eta palestinar erresistentziaren borroka gure egiten jarraituko dugu».