Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, uztailaren 5ean eta 20an bi pertsona atxilotu zituzten Irunen (Gipuzkoa), sexu esplotaziorako pertsonen salerosketa eta sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituak egotzita. Poliziaren esanetan, lau emakume prostituitzen zituzten Irungo etxebizitza batean.
Azaldu dutenez, ikerketa joan den urteko maiatzean hasi zuten. Espainiako Poliziak «prebentziozko kontrol bat» egin zuen etxebizitzan, «sexu zerbitzuak eskaintzen zituelako». Bertan, konturatu ziren delitu zantzuak zeudela, eta beste zenbait bisita egitea erabaki zuten. Azkenean, ondorioztatu zuten gizon bat eta emakume bat lau emakume prostituitzen ari zirela. Ikerketaren arabera, lau emakumeak Asiakoak dira, inguru pobreetakoak, eta menpeko pertsonak zituzten jatorrizko herrialdeetan. Gainera, paperik gabe zeuden Euskal Herrian, eta ikusi dute irabazien erdia bi atxilotuei eman behar zietela.