Espainiako pepinoetan ez dute 'Escherichia coli' bakteriorik aurkitu

Azterketek ez dute frogatu Donostiako gaixoa bakterioak kutsatuta dagoela, baina Osakidetzak ez du baztertzen aukera hori. Sindrome hemolitiko-uretikoak hildako bat utzi du Suedian, aurrena Alemaniatik kanpo.

Behargin bat, atzo, Almeriako berotegi batean luzoker artean lanean; eskaria jaitsi dela eta, saldu ezinik dabiltza. CARLOS BARBA / EFE.
G. Hermosilla - I. Maruri
Bilbo
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Alemaniako Gobernuak ukatu egin du herrialdean hedatu den sindrome hemolitiko-uretikoa eragiten duen Escherichia coli bakterioak jatorria Espainiatik eramandako pepinoetan duenik. Iragan astean, aurreneko kasuak agertu zirenean, Hanburgoko landerreko Osasun ministroCornelia Storckek salaketa hori egin zuen. Baina Alemaniako Osasun Ministerio federaleko Higiene eta Ingurumen Ministerioak egindako ikerketak bestelako emaitza eman du: pepinoetan ez da aurkitu gaixoen gorotzetan agertu den Escherichia colibakterioaren 0104 aldagaia.

Lau lagin hartu dituzte eta horietako biren emaitza eman zuten atzo ezagutzera. Bi horiek negatiboak izan direnean, baztertu egin dute hipotesia. «Sindrome hemolitiko-uretiko kasu larri hauek eragin dituen iturria aurkituko genuela uste genuen, baina ez da hala izan», penatu da Stock. Hala ere, ez da damutu aurrez egindako salaketaz. «Hainbeste gaixo genituela, arduragabe hutsa izango nintzateke nire susmoak agerian utzi izan ez banitu. Pertsonen bizitza lehenetsi behar dugu beti, eta ez interes ekonomikoak babestea».Herbehereetatik iritsitako barazkiak ere susmopean egon dira, eta herrialdeko gobernuak egindako ikerketek ukatu egin dute euren barazkietan bakterio hori dagoenik.

Eta jatorriaren bila jarraitzen duten bitartean, sindrome hemolitiko-uretikoak beste hildako bat utzi du Europan: duela aste gutxi Alemanian egon zen emakume suediarra. 50 urte zituen eta atzo zendu zen Boras hiriko (Suedia) ospitalean. Igandean eraman zuten larrialdi zerbitzuetara, tripako min jasangaitza eta beherakoa zituelako. Suediako Gaixotasun Kutsakorren Kontrolerako Institutuak jakinarazi duenez, herrialdean 40 lagun daude gaixotasun honekin.

Alemaniako gobernu federalak emandako datuen arabera, 15 dira dagoeneko herrialdean sindromearekin hildakoak, atzo bertan Ipar Renania-Westfalia landerreko gobernuak beste heriotza baten berri eman ostean. Paderborn hiriko ospitalean hil zen, atzo goizean goiz. 89 urteko emakumea da. Hala ere, ospitaleko arduradunek ohartarazi dute ezin izan dutela baieztatu Escherichia colibakterioak kutsatu duenik. Ipar Renania-Westfaliako hiri honetan azken hiru egunetan sindrome hemolitiko-uretikoarekin hil den bigarren pertsona da.

Alemanian gaixotasuna dutenak, ordea, askoz gehiago dira. Berlineko Robert Koch institutu bakteriologikoaren esanetan, 1.400 lagun daude herrialde osoan sindrome hemolitiko-uretikoarekin. Horietatik 570 inguru Hamburgoko landerrean bizi dira. Hiriburuko institutu bat ixtea erabaki dute agintariek, hiru ikaslek gaixotasuna harrapatu dutela jakin denean. Robert Koch institutuak barazkiak gordinik ez jateko aholkatu die herritarrei, eta Alemaniako Nekazaritza eta Elikadura ministro Olse Aignerrek babestu egin du gomendioa. Arazoa dagoeneko Europa osora hedatu dela ere ohartarazi du Aignerrek.

Gobernu federalean auziak eragindako kezka nabaria da. Osasun ministro Daniel Bahren esanetan, oraindik askoz kasu gehiago agertuko dira, gaixotasunaren jatorriak aktibo jarraitzen duelako. Gaur egun antibiotikoez gain odol transfusioak egitea da birusari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Hamburgoko Eppendolf Unibertsitatean antigorputzen erabileran oinarritzen den teknika ikertzen ari dira. «Hiru aste beharko ditugu eraginkorra den jakiteko», azaldu du unibertsitateko ikerketa buru Rolf Stahlek.

Aldaketak kopuruetan

Epidemiaren larritasuna ukatu gabe, Europako Batzordeak bestelako datuak eman ditu. «Escherichia coli bakterioak kutsatuta hil direnak hiru dira Alemanian, ez bada herrialdeko agintariek ez digutela informazio guztia garaiz eman. Horiek dira guri baieztatu dizkiguten kasuak», azaldu du Pia Ahrenkilde Batzordeko bozeramaileak. Gaixorik daudenen kopuruak ere apalagoak dira Ahrenkilderen ahotan: Escherichia colibakterioak kutsatutako 347 kasu daude Alemanian, 30 Suedian, 13 Danimarkan, sei Frantzian, zazpi Herbehereetan, bakarra Suitzan eta sei AEBetan. Erresuma Batuko Gobernuak herrialdean 3 gaixo daudela dio.

Gora behera hauek badute azalpena. Sindrome hemolitiko-uremikoa Escherichia coli bakterioak eragin dezake, baina baita beste bakterio batzuek ere. Hala, estatuetako gobernuak sindromeak jota daudenen kopurua zabaltzen ari diren bitartean, Batasuneko gobernuak Escherichia colibakterioari erreparatu dio.

Donostiako gaixoa, egonkor

Osakidetzako arduradunek adierazitakoaren arabera, «aukera handiak» daude Donostiako Ospitalean infekzio gogor batek jota dagoen gizonezkoa Escherichia coli bakterioak kutsatuta egoteko, eta kutsatze horrek Europan izandako gainerako kasuen jatorri bera izateko. Gizonezkoa larri dago, baina egonkor, eta apurka-apurka hobera egiten ari da.

Azterketa mikrobiologikoak egin zituzten atzo, gaixotasuna aipatutako bakterioak eragindakoa ote zen jakiteko, baina emaitza negatiboa izan zen. Edozein modutan, laborategiko azterketa hori ez da guztiz ziurra, gaixoei ematen dizkieten antibiotikoek ezkuta ditzaketelako bakterioaren aztarnak, eta, horren ondorioz, batzuetan ez du emaitzarik izaten. Hala gertatu da Europako beste zenbait herrialdetan agerturiko kasu askotan. Azterketa gehiago egingo dute gaur, zalantzak uxatze aldera.

Azterketak azterketa, Osakidetzako arduradunek pentsatzen dute oso litekeena dela Donostiako Ospitalean dagoen gizonezkoaren gaixotasuna aipatutako bakterioak eragindakoa izatea: gaixoak sintoma berdinak ditu, Europako gainerako gaixoak bezala Alemaniako iparraldean egon zen duela gutxi, Hanburgon hain zuzen, eta han barazki gordinak jan zituen.

Jesus Maria Fernandez Diaz Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak berriro azpimarratu du ez dagoela kutsatzeko arriskurik, eta ez dagoela «aparteko» neurriak zertan hartu, «ohiko garbitasun neurrietatik landa, hots, eskuak garbitzea, eta gordinik jatekoak diren fruta eta barazkiak urez garbitzea».

Fernandez Diazek emandako azalpenen arabera, oso bakterio ohikoa da Escherichia coli izenekoa, gizaki eta animalien hesteetan sarri aurkitzen dira eta, normalean, ez dute aparteko arazorik sortzen. Bakterio horren mota gutxi batzuk, ordea, arriskutsuak izan daitezke, gai toxikoa isurtzen dutelako.

Fernandezen arabera, «frogatuta» dago kutsatzea ez dela barazkien jatorrian gertatu:«Hortaz, bi aukera baino ez daude: kutsatzea garraiatze prozesuan gertatu izana, edo helmugan bertan, Alemanian, erabiltze okerraren ondorioz gertatu izana».
Donostiako ospitaleko mediku zuzendari Jose Manuel Ladron de Gebarak zehaztu duenez, gaixoa 40 bat urteko gizonezkoa da, eta maiatzaren 22an sartu zuten erietxean, sindrome hemolitiko-uretikoaren sintomak zituela. Maiatzaren 26an okerrera egin zuen, ebakuntza egin zioten eta kolonaren zati bat kendu behar izan zioten.

Beste aldetik, Patxi Lopez lehendakariak ere bat egin du esaten dutenekin barazkiak jateari uzteko inolako arrazoirik ez dagoela. Lopezek esan duenez, Escherichia coli bakterioak eragindako gaixotasuna dela konfirmatuko balitz, «Alemanian gertaturiko kutsatzea» litzatekeela, «ez Euskadin edo Espainian», eta, hortaz, «pepinoak edo beste edozein barazki jateari uzteko inolako arrazoirik» ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.