Aberri Eguna

Espainiako ordezkaritzak debekatu egin ditu Aberri Eguneko zutabeak Iruñean

Izurriaren kontrako segurtasun neurriak bermatzerik ez dagoela argudiatu du, nahiz eta antolatzaileek neurri zorrotzak hartuko dituztela hitzeman duten. Gaztelu plazan biltzeko eskatu du Euskal Herria Batera dinamikak.

2015eko Aberri Eguna, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 31
10:18
Entzun

Euskal Herria Batera herri dinamikak ohar baten bidez salatu duenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak debekatu egin ditu Igandean Iruñeko auzoetatik abiatu behar ziren zutabeak. Erabakia «COVID egoera aitzakia harturik eta horren inguruko segurtasun neurriak ezin bermatzea argudiatuta» hartu duela adierazi du dinamikak.

Apirilak 4an, Arrotxapea, Txantrea, Alde zaharra, Mendillorri eta Donibane-Iturramatik zutabeak ateratzea antolatuta zeukan dinamikak, musikaz lagunduta Gaztelu plazan batzeko, eguerdi aldera, Aberri Eguna ospatzeko. Euskal Herriko hainbat plaza eta auzotan antolatu dituzte antzeko egitasmoak. Gogoratu duenez, iaz konfinamenduan zeuden herritarrak balkoietara abestera ateratzeko dei egin zieten. Aurten, kale plazetara jaistekoa zen gonbidapena.

«COVIDaren aurreko segurtasun neurri guztiak bermatu behar zituzten zutabeek, maskarak, gela, distantziak...», adierazi du dinamikak. 

Debekuaren aurrean, zutaberik ez antolatzea, baina Gaztelu plazako ekitaldiari eustea erabaki du Euskal Herria Baterak. Horri jarraiki, herritarrei dei egin die eguerdian Gaztelu plazan biltzeko, 12:15ean, Euskal Herri osorako zabalduko duten «keinua» entzutera. Horrez gain, Txoria txori, Gernikako arbola eta Ikusi mendizaleak abestera deitu dute. Horrez gain, musika, margo eta dantza ikuskizunak egongo direla adierazi dute.

ELA: «Nazio solidario bat»

Aberri Eguna dela-eta manifestu bat kaleratu du ELA sindikatuak, eta «nazio solidario bat», justizia sozialean oinarritutakoa eta «EB Europako Batasunak exijitzen dituen menpekotasun politiken aurrean alternatibak» eskainiko dituena aldarrikatu du. Euskal Herria Batera egitasmoak iganderako egindako deialdiekin bat egin du sindikatuak.

Sindikatuak badaki Euskal Herria «interdependentea» dela. «Baina ez diogu uko egiten burujabeak izateari eta oraina zein etorkizuna bermatuko duten estatu tresnak edukitzeari». Horren harira, Europako funtsen «mehatxuaz» ohartarazi nahi izan du, uste baitu funts horien onarpenak ekarriko duela «austeritatean jarraitzea. Hori dela eta, euskal alderdiei eskatu die berriro azter dezatela zer jarrera duten EBko funtsen aurrean.

Horiek horrela, ELAri iruditzen zaio ezin zaiola «zilegitasunik» eman pentsioen murrizketari, eta Espainiako lan erreforma indargabetu behar dela. «Ez da koherentea erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea eta gero beste aldera begiratzea negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekin urratzen denean borondate demokratikoa, hauteskunde sindikaletan adierazitakoa».

LAB: «Indarrak metatzeko apustua»

LAB sindikatuak ere Euskal Herria Batera dinamikak iganderako antolatutako deialdietan parte hartzeko deia egin die bere kideei. Ohar batean nabarmendu duenez, «indarrak metatzeko apustua» egiten du, modu horretan «autonomismotik subiranismoranzko» bidea egiteko.

Sindikatuak pentsatzen du ez EAEko ezta Nafarroako gobernuek ere ez dutela «herrialde proiektu bat», zeinak langileei lagunduko dien «trantsizioaren lidergoa» hartuko duen. Sindikatuak uste du, horrenbestez, aldaketak «ezkerretik» eman beharko direla, «langileen lidergoaren bidez herri burujabetzan aurrerapausoak emanez».

LABen arabera, «180 graduko biraketa bat» eman behar da politika sozialetan eta ekonomikoetan, «antzinako eredutik eredu berrirako trantsizioa egiteko». Iruditzen zaio prozesu horrek «ekosozialista eta feminista» izan behar duela. Sindikatuaren programan ildo horri jarraitzen dioten hainbat proposamen jaso dituzte, eta horiek uda baino lehen dira beste alderdiekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin osatzekoak eta konpartitzekoak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.