Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu egin du maskara kalean erabiltzera behartzen duen lege dekretua

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak ez du zehaztu noiz arte izan asmo duten neurria indarrean. Sei urtetik gorako guztiek izan beharko dute maskara jantzita, kirola bakarka egitean edo «ingurune naturaletan» daudenean izan ezik.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. J. J. GUILLEN / EFE
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 23a
12:19
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo arratsaldean iragarri zuen moduan, Espainiako Ministroen Kontseilua goizean bildu da, eta aire zabalean maskara derrigorrezko egingo duen lege dekretua onartu du. Bihar sartuko da indarrean.

Maskararen erabilera da lege dekretuan jasota dagoen neurri murriztaile bakarra. Kontseiluaren ostean, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak esan du denbora tarte batez izango dela indarrean, baina ez du zehaztu noiz arte. Neurriaren iraupena egoera epidemiologikoaren araberakoa izango dela esan du. Gainera, azaldu du onartutako lege dekretuak gobernuari aukera ematen diola «azkarrago» hartzeko maskararen erabileraren inguruko erabakiak.

Sei urtetik gorako guztiek erabili beharko dute maskara kalean, eta agindu hori ez da aplikatuko kirola «modu indibidualean» egiten denean eta «ingurune naturalean», hala nola mendian eta hondartzan, betiere metro eta erdiko distantzia bada beste pertsonengandik.

COVID-19aren omikron aldaeraren hedapenarekin lotu du neurria Dariasek. Gogorarazi du azken asteetan gorakada izan dutela kutsatzeek eta intzidentzia metatuak, eta goraldia bereziki nabarmena izan dela azken astean. Nolanahi ere, nabarmendu du txertaketa eraginkorra dela aldaera horri aurre egiteko. «Hirugarren dosia horma garrantzitsu bat da».

Hain justu, txertaketa erritmoa azkartu beharra azpimarratu du Osasun ministroak, atzo Sanchezek egin moduan. Espainiako presidenteak jakinarazitako helburuak gogorarazi ditu: 2021a amaitu baino lehen 60 urtetik gorakoen %60k hirugarren dosia hartuta edukitzea; urtarrilaren 24rako 50 eta 59 urte artekoen proportzio bera txertatuta egotea; martxoko lehen asterako 40 eta 49 urte artekoetan ehuneko hori txertatuta egotea; eta, haurren txertaketari dagokionez, otsailaren 7rako 5 eta 11 urte artekoen %70 lehen dosiarekin txertatuta egotea, eta bigarren dosiaren portzentaje bera apirilaren 18rako.

Dariasek adierazi du badutela nahikoa baliabide xede horiek lortzeko. Autonomia erkidego bakoitzak gordeta dauzkan dosiez gain, Espainiako Gobernuak zortzi milioi txerto ditu "hozkailuan", adierazi duenez, eta datorren urterako 90 milioi dosi dagozkio «kontratuz».

Militarrak txertaketa guneetan

Txertaketa indartzeko hartutako «trantsiziozko neurrien» inguruko azalpenak ere eman ditu Dariasek. Osasun zentroek aukera izango dute erretiroa hartua duten edo aurretik erretiratuta dauden osasungintzako langile ohiak kontratatzeko. Horrez gain, espezialista titulua Europako Batasunetik kanpo eskuratua duten osasun langileak ere kontratatu ahalko dituzte.

Txertaketa taldeak militarrekin indartzeko asmoa ere agertu zuen atzo Sanchezek, eta hala berretsi du Dariasek. Autonomia erkidegoek aukera izango dute Espainiako Armadaren «txertaketa gune ibiltariak» erabiltzeko, Dariasek azaldu duenez. Halako 150 jarriko dituzte erabilgarri. Bestalde, zehaztu du «txertatzeko gune gehigarri» moduan erabiliko dituztela Madrilgo eta Zaragozako ospitale militarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.