Espainiako Konstituzioaren kontrako manifestazioa egin dute Durangon

Jarkik antolatu du mobilizazioa, eta dozenaka lagunek hartu dute parte

Jarki - Manifestazioa
Jarkiren manifestazioa, gaur arratsaldean, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
Durango
2023ko abenduaren 6a
20:00
Entzun

Ohi bezala, Espainiako Konstituzioaren kontrako manifestazioa egin du gaur arratsaldean Jarki antolakunde sozialista eta independentistak Durangon (Bizkaia), Espainiako agiriaren egunean. Dozenaka lagunek parte hartu dute, gehienek ikurrinak eskuetan, Landako gunetik abiatu den mobilizazioan. Euskal Herri langileak apurketa izan da manifestazioaren leloa. Jarkiren arabera, Espainiako Konstituzioak zehazten ditu bai erakundeak eta baita marko juridikoa ere, Euskal Herriko langileen askatasuna «errotik mozteko», haren izaera nazionala «ukatzeko» eta klase gisa «azpiratuta» edukitzen segitzeko.  

Haien esanetan, Espainiako Konstituzioaren aurrean, apurketa da «Euskal Herri langileak inposatu zaizkion kateak hausteko eta klaserik gabeko benetako Euskal Herri askerako ibilbidea jorratzeko baldintza». Nabarmendu dute konponbidea ez dela burujabetza handitzea edo autonomismoa sakontzea, «ez baitago zer eginik Espainiako eta Frantziako Estatuen markoen baitan». Autonomismoaren bitartez, Jarkiren iritziz, Espainiak «nazio auzia neutralizatzen du, eta, era berean, Euskal Herriko burgesiaren leialtasuna bermatu, azken horri bere interes ekonomikoen eta politikoen neurrira egindako marko instituzionala eskainiz».

2019ko Espainiako Konstituzioaren egunaren aurretik plazaratu zen Jarki antolakunde gisa, eta egun horretan egin zuen bere lehen mobilizazioa, orduan ere manifestazio bat, Durangoko Landako gunetik abiatuta, Euskal Herri langileak apurketa! lelopean. Hala ere, Jarkiko iturriek orduan BERRIAri adierazi ziotenez, 2017ko martxoaren 18an sortu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.