poliTIKA

Espainiako Konstituzioa parean

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008an debekatu egin zuen EAEko Galdeketa Legea, eta, orain, Kataluniako subiranotasun adierazpena, bietan ideia nagusi berak erabiliz. Oraingoan erabakitzeko eskubideaz dator ñabardura; mugak jarriz, ordea.

Ibarretxe, 2008ko ekainaren 27an, Eusko Legebiltzarrak Galdeketa Legea onartu zuen saioan. RAUL BOGAJO, ARP
enekoitz esnaola
2014ko martxoaren 27a
14:48
Entzun

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen EAEko Galdeketa Legea, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bi hilabete eta erdira eman zuen epaia (2008ko irailaren 11n): debekua. Kataluniako Legebiltzarrak  2013ko urtarrilaren 23an onartu zuen subiranotasun adierazpena, eta Konstituzionalak hamalau hilabetera eman du epaia (herenegun): debekua. Batean zein besteak, aho batez. 2008koan epaimahaia hamar epailek osatu zuten, Maria Emilia Casas zela presidente; oraingoan, hamabi epaile izan dira, Francisco Perez de los Cobos PPko afiliatu ohia dela presidente. 22 epaileetako inor ez da izan bi epaimahaietan. Erabakia bera izan da: EAEko Galdeketa Legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zen, Kataluniako subiranotasun aitorpena den bezala. 

Estatuan subjektu burujabe bakarra, "espainol Herria"

- 2008ko epaia (EAE). EAEko Galdeketa Legea baliorik gabe uztean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irmo zioen estatuko erkidego "denen gainetik" dagoela "espainol Herriaren borondatea, Konstituzioan adierazia", eta "espainol Herria" dela "nazio subiranotasunaren jabe bakarra, Konstituzioaren oinarria eta zernahi botere politikoren jatorria". Konstituzioko 2. artikuluak dioena gogoratu zuen: "Nazio espainolaren batasuna zatiezina da".

- 2014ko epaia (Katalunia). Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun adierazpena Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du auzitegiak, itun haren 1.2 eta 2. artikuluak urratzen dituela argudiatuta. Hau da, auzitegiak dio Katalunia ez dela, subiranotasun aldarrikapenak dioen moduan, "subjektu politiko eta juridiko burujabea"; "espainol Herria baino ez da burujabea".

Guztia, Espainiako Konstituzioaren pean

- 2008. "Indarrean den antolamendua aldatzeko proiektuak" baldin badituzte erkidegoek, eta "batez ere, subiranotasunaren jabe bakarraren izaeraren funtsari eragiten diotenak" baldin badira horiek, zernahi egiteko "Konstituzioa errespetatu beharra" dagoela zioen Espainiako auzitegiak. "Ez Autonomia Erkidegoek eta ez Estatuko inolako organok ezin dute erabili bestelako biderik".

- 2014. "Konstituzioaren erreforma" egin nahi bada, prozeduran "Konstituzioarekiko eta ordenamendu juridikoarekiko menpekotasuna" behar da, auzitegiaren arabera. "Asmo politikoak zilegitasun demokratiko, plural eta legezkoa duten printzipioak" erabilita "defenditu" daitezke, eta beti, "Konstituzioaren baitan". Bestelako "eremu librerik edo esparru inmunerik" ez dago, ebatzi du. 

Erkidegoek eskumenik ez beren kabuz galdeketa deitzeko

- 2008. "Nabarmena da Eusko Legebiltzarraren [Galdeketa] legeak hautesleei egiten dien deialdiak ez duela inolako eskumenen euskarririk", zioen duela sei urteko epaiak. Konstituzionaleko epaimahaiaren iritziz, "espainol Herriaren subiranotasunari" eragingo lioke EAEko galdeketak eta, beraz, "prozedura honetan eztabaidagai den eskumena Estatuarena da, eta Estatuarena bakarrik". Kontsulta deitzeko kasuetarako "herri subiranoaren ordezkariaren —Gorte Nagusiak— edo ganberetako baten baimena behar da". Epaimahaiak erantsi zuen herri galdeketaren emaitza loteslea ez zela izango adieraztea ez zela aitzaki hura baimentzeko. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak onartutako Galdeketa Legea debekatzeko, auzitegiaren epaiak zekarren argi zegoela "erreferendum bat" antolatu nahi zela, "eztabaidaezinak baitira galdeketaren edukia eta eragiten dion borondatea". 

- 2014. "Konstituzioaren esparruaren baitan, erkidego batek ezin du aldebakartasunez autodeterminazio erreferendum bat deitu Espainiako integrazioari buruz erabakitzeko", jartzen du epaian. "Konstituzioaren erreformarako prozesu bat" baldin badago estatuko erkidegoren batean, honek ez du hori aurrera eraman bere kabuz soilik; izan ere, "Espainiako Parlamentuak aztertzera sartu beharra du".

Erabakitzeko eskubideaz ñabardura

- 2008. Hauek ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008ko urriaren 25ean egin nahi zen kontsultako galderak: "1. Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea? 2. Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumean jartzearekin?". Konstituzionalak 34 orrialdeko ebazpenean ez zuen aipatu 'erabakitzeko eskubidea' terminoa.

- 2014. Kataluniako aurtengo azaroaren 9ko kontsultako galderak: "1. Nahi al duzu Katalunia Estatu bihurtzea? 2. Baiezkoan bazaude, nahi al duzu Estatu hori independentea izatea?". 2008koan ez bezala, Konstituzionalak 36 orrialdeko epaian aipatzen da 'erabaki eskubidea', behin baino gehiagotan. Hain zuzen, "erabaki eskubideaz interpretazio konstituzional bat" egin daitekeela dio epaiak; esaten du "asmo politiko bat" adierazten duela erabaki eskubideak. Gero datoz mugak: hura beti Espainiako Konstituzioaren barruan defenditu behar da, eta gauzatzeko orduan "legedi konstituzionalera egokitutako prozesua" behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.