Espainiako Kongresuak tramiterako onartuko du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena

EAJk aurkeztu du proposamena, beste behin. Inbestidura blokeko alderdi gehienek PSOEri eskatu diote lan egin dezala erreforma onartzeko.

(ID_13648191) ESPAÑA CONGRESO
EAJko diputatu Mikel Legarda, gaur arratsaldean. FERNANDO VILLAR / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 27a
18:20
Entzun

Espainiako Kongresuak bide emango dio gaur 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko proposamenari, inbestidurako blokeko alderdien babesarekin. EAJk aurkeztu zuen proposamena, legealdiari hasiera ematearekin batera, hau da, abuztuan, eta orain bere bideari ekingo dio Batzorde Konstituzionalean. Halere, tramitazioaren alde aritu diren alderdi gehienak zalantzati azaldu dira, PSOEk zer jarrera izango ote duen. Izan ere, ez da sozialistek tramitazioaren alde egiten duten lehen aldia, baina orain arte ez dute beste urratsik egiten utzi.

Mikel Legarda jeltzalearen ardura izan da proposamena aurkeztea. Berriz aurkeztea; 2016tik legealdi bati ekin dioten aldiro eraman baitu proposamena EAJk Kongresura; azkena, 2020an, baina bertan behera geratu zen iazko maiatzean ─oraindik ere zuzenketak aurkezteko epea itxi gabe─, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek bozetara deitu ostean. Hark azaldu du ezinbestekoa dela «erregimen autoritario baten» pean onartutako lege bat atzean uztea, halakoek ez dutelako lekurik «zuzenbide estatu sozial eta demokratiko batean». 

EAJko diputatuak salatu du «borroka antiterroristarekin» eta 1981eko otsailaren 23an estatu kolpea emateko egindako saiakerarekin lotutako informazioa ezkutatuta dagoela oraindik ere, baina baita XV. mendetik aurrerako artxibo historiko ugari ere: «Historialariek beste herrialde batzuetako artxiboetara jo behar dute». Horrek, haren ustez, Memoria Demokratikoaren Legearen kontra egiten du, eta herritarren informaziorako eskubidearen kontra ere bai. 

Legardak hizpide izan du 2022an Espainiako Gobernuak aferaren inguruan plazaratutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua ere; hain zuzen, Pegasus auziak eztanda egin ostean jarri zuen aldaketa proposamena mahai gainean. Zehazki, jeltzaleak adierazi du badituztela zalantzak, Moncloak zer «intentzio» ote dituen aferaren inguruan: «Baliteke gobernuak erreforma hiltzen uztea». Hartara, sozialistei eskatu die EAJren erreformaren inguruan eztabaidatzeko. «Aldaketak egiteko prest gaude», gehitu du.

Proposamenari baiezkoa emateko orduan zalantzarik ez dute egin EH Bilduk, Sumarrek, JxCk, ERCk, Podemosek eta BNGk. Halere, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak nabarmendu du ez duela ez hanka ez buru eztabaida bera planteatzeak legealdi guztietan, eta, PSOEri erreferentzia eginez, «zentzugabekeriatzat» jo du proposamena tramiterako onartu bai baina gero aurrera egin dezan eragoztea: «Praktikan jarri behar denean, argi dago ez dagoela prest; beldurrengatik, presioengatik edo mehatxuengatik».

EH Bilduko kideak gehitu du egungo legediak «inpunitateari» bide ematen diola, eta Euskal Herriko gatazkarekin lotutako zenbait adibide jarri ditu; besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia, 1978ko sanferminetako gertakariak, eta Naparraren, Mikel Zabalzaren eta Perturren desagertzeak. «Egia, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu kasu horietarako, eta horretarako beharrezkotzat jo Sekretu Ofizialen Legea Europako beste demokrazia batzuetako araudiekin parekatzea.

Bide beretik, Sumarreko Enrique Santiagok esan du «indarkeria» dela Francisco Franco diktadoreak sinatutako lege bat indarrean egotea oraindik ere, eta ERCko Francesc-Marc Alvarok «frankismoaren hondakin toxikotzat» jo du. Biek bat datoz legea aldatzea «urgentea» dela, besteak beste herritarren informaziorako eskubidea ere urratzen duelako.

JxCko eledun Miriam Noguerasek, bestalde, Sekretu Ofizialen Legea soilik ez, CNIren Kontrol Judizialerako Lege Organikoa, Auzitegi Nazionala, Gorena eta Konstituzionala eta Zigor Kodea ere moldatu behar direla esan du, argudiatuta frankismoak instituzio asko «bustitzen» dituela oraindik ere: «Norbaitek azaldu beharko luke zertarako balio duen ustezko bloke aurrerakoak».

Bloke horretatik deia egin diote PSOEri, hain zuzen: BNGko Nestor Regok adierazi du gobernuari «lotsa» eman beharko liokeela egoera ez aldatzeak. Podemoseko Martina Velardek, berriz, espero du sozialistek ez dutela berriz egingo aurreko legealdian eginikoa; hau da, EAJren proposamena baztertu eta Espainiako Gobernutik beste lege proiektu «urardotu» bat sustatzea.

PSOEko Juan Carlos Jerezek erantzun behar izan die horiei, eta hain zuzen, 2022an Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege aurreproiektua «aurrerapausotzat» jo du. EAJren proposamenari buruz, azaldu du babestu egingo dutela, baina hura «hobetzen» saiatuko direla tramitazioan, helburu gisa jarrita «informaziorako eskubidea eta erakundeen gardentasuna». 

Kontrara, PPk eta Voxek EAJren proposamenaren aurka egin dute, baina bakoitzak bere argudioak erabilita. Popularren izenean, Jose Maria Sanchez diputatuak adierazi du eztabaida jorratu beharrekoa dela, baina «segurtasuna hobetzea» elementu zentraltzat jarrita, eta ez du uste hori egiteko modua dagoenik egungo gobernuarekin eta haren inbestidura babestu zutenekin. Voxeko Jose Maria Sanchezek, berriz, argudiatu du «gerra zikin edo estatu terrorismo deitutakoa» argitzea dagoela proposamenaren oinarrian, eta xede horrexek bultzatu ditu kontra egitera.

25 urte

Sekretu gisa klasifikatutako informazioak desklasifikatzeko epeak dira EAJk aurkeztutako lege proposamenaren gakoetako bat. Egungo legediak ez du inolako epemugarik ezartzen, baina jeltzaleek proposatzen dute gehienez 25 urtez ezkutatzeko parada izatea sekretu gisa klasifikatuen kasuan, eta hamar urtez ezkutukoenean. Lehenengoetan, baina, epea hamar urtez luzatzeko  aukera egongo litzateke. Horrek, besteak beste, frankismoarekin, trantsizioarekin eta gerra zikinarekin lotutako informazioa argitaratzea ekarriko luke. Era berean, Espainiako Ministroen Kontseiluaren ardura izango litzateke informazio hori sailkatzea, eta Espainiako Gorteek eskura izango lukete. 

Espainiako Gobernuak, hain zuzen ere, Kataluniako buruzagi independentisten espioitza kasuak eragindako harrabotsaren ondorioz egin zituen urratsak. Pegasus auziak eztabaida politikoaren erdigunean jarri zituen CNI Espainiako zerbitzu sekretuak eta sekretu ofizialak, eta egoera horri erantzuteko prestatu zuten Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua. Alabaina, gaur EAJren proposamenaren alde egin duten zenbait taldek kritikak egin zizkioten aurreproiektu horri. Izan ere, bestelako sailkapen bat egiten du epeak ezartzeko, eta «goi mailako sekretuei» dagokienez, 50 urteko epemuga ezarri desklasifikatzeko; epe hori  hamabost urtez luzatzeko aukera ere jasotzen du. Hau da, posible litzateke informazioa 65 urtez ezkutuan edukitzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.