Gaur goizean modu telematikoan elkartu da Transferentzia Batzordea, eta hitzartu du irailean aztertuko duela Espainiako Kongresuak Foru Hobekuntzaren erreforma. Trafiko eskumena bere gain hartzeko egin beharreko aldaketa hori azterraldi bakarrean eztabaidatuko dute diputatuek.
Nafarroak berea egin du, eta, orain, Espainiako Gorteek erreforma hori onartzea falta da. Maiatzaren 23an Nafarroako Parlamentuak gehiengo handiz atera zuen aurrera erreforma: UPNk, PSNk, EH BIlduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu zuten, eta PPk eta Vox-ek kontra. Alderdi Popularrak baldintza gisa jarri zuen Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmen bat izenpetu behar zuela Espainiakoarekin Guardia Zibilak trafiko zaintza egiten jarrai dezan. Transferentzia urardotuko luke horrek, eta, beste alderdiek ez zutenez hura onartu, kontra bozkatu zuen.
Ikusi gehiago
Horrek aditzera ematen du Kongresuan zein Senatuan PPk eta Voxek ezezkoa emango dutela. Irailean egingo den lehen eztabaidan PPk eta Voxek duten baino boto gehiago lortu litezke, ustekaberik izan ezean. Senatuan, ordea, PPk gehiengo osoa du, eta kasu horretan bozketa Kongresura itzuliko litzateke. Nahiz eta lehen eztabaida irailean izango den, ez dago argi prozesu osoa noiz amaituko den. Udazkenean izatea espero da.
Berez, iaz hitzartu zuten Nafarroako eta Espainiako gobernuek trafiko eskumena eskualdatzea. Uztailaren 1ean sartu zen indarrean, baina hilabete batzuk geroago Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen akordioa, errege dekretu bidez egin zela argudiatuta. Gorenaren arabera, eskumen hori ez zegoen jasota Foru Hobekuntzan, eta, ondorioz, ezin zitekeen dekretuz egin. Gorenaren ebazpena eztabaidagarria izan bazen ere, juridikoki transferentzia bermatzeko Foru Hobekuntzan espresuki Nafarroaren eskumenen artean jasotzeko erreformari bide eman zioten otsailaren 28an.
Erreformak, berez, Nafarroako eskumenen artean zerrendatzen du «ibilgailuen zirkulazioa eta errepide segurtasuna». Horri loturik, dio Foruzaingoa arduratuko dela trafiko zaintzaz.
Gaurko bileraz
Urratsez urrats, prozesuak aurrera egin du, eta orain azken txanpa geratzen da. Gaurko bileran, prozesu horren xehetasun batzuk izan dituzte hizpide. Estatuak Nafarroari eskualdatzen dio errepide zaintzan «arau hausteak atzematea». Gainera, aurretiko akordioa zabal dute, eta zehaztu nolakoa izango den trafikoko foruzainen hedatzea.
Gaurko bilkura 09:00etan hasi da. Bertan izan dira, Nafarroako Gobernuko hiru presidenteordeak —Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro— eta Luis Ibarrola batzordeko idazkaria. Gainera, parlamentuko taldeetako ordezkaritza egon da: hala nola, UPNko Javier Esparza, EH Bilduko Adolfo Araiz, Geroa Baiko Pablo Azkona, PPko Javier Garcia eta Vox-eko Maria Nosti. Alfaro Zurekin Nafarroako ordezkari gisa ere egon da bertan.
Espainiako Gobernuaren aldean, zortzi pertsona egon dira pantailaren bestaldean. Izan ere, bilkura telematikoa izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Arcadi España Lurralde Politiketako estatu idazkaria, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusia eta Maria Lidon Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko idazkari nagusia.