Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako biktimei «aitortza ofizial bat» egiteko

EH Bilduk, PSOEk eta Sumarrek adostutako zuzenketa onartu du gehiengoak, eta Moncloari eskatu diote eskura dituen baliabideak erabil ditzala jazotakoa argitzen laguntzeko.

German Rodriguezi iaz egindako omenaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
German Rodriguezi iaz egindako omenaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 26a
13:51
Entzun 00:00:0000:00:00

1978ko sanferminetan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzearen alde egin du Espainiako Kongresuak, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio gertatutakoa argitzeko urratsak egin ditzala. EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat du oinarri eskaerak, eta onartu dena koalizio subiranistak PSOErekin eta Sumarrekin adostutako erdibideko zuzenketa bat da. Aldeko 174 boto jaso ditu; hau da, proposamenaren alde egin dute PPk, Voxek eta UPNk ez beste guztiek. Lehen biek kontra bozkatu dute, eta alderdi erregionalista abstenitu egin da.

Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek «78ko sanferminetako gertakarien inguruko egia» ezagutarazten «laguntzeko» konpromisoa hartu dute, horretarako gobernuak eskura dituen baliabideak erabilita. Bide horretan, Nafarroako Gobernuarekin eta parlamentuarekin lankidetzan aritzea onartu dute. Zehazki, Moncloak ganbera hark egindako eskaera bat du mahai gainean 2018tik: auziari lotutako informazio oro helaraztea.

Era berean, PSOEk eta Sumarrek adierazi dute «justiziari laguntzeko» prest azalduko dela gobernua, German Rodriguezen heriotzari lotutako prozedurarik irekitzen bada. Hain zuzen, horretarako funtsezkoa izan daitekeen elementu bati ere erreparatu diote testuan: 1968ko Sekretu Ofizialen Legea moldatzea. Aurrez ere adierazi izan dute hura aldatzeko konpromisoa, eta hura berretsi dute beste behin. «Gardentasunean oinarritutako marko juridiko berri batean aurrera egiteko eta dokumentuak desklasifikatzeko, 78ko sanferminetako gertakarien gisako egoeren egia jakiteko eta argitzeko», zehaztu du EH Bilduk.

Rodriguez eta 78ko sanferminetako gainerako biktimak oroitzeko, Espainiako Kongresuaren gehiengoak «aitortza ekitaldi ofizial bat» bultzatzeko eskatu dio gobernuari. Hartan, azaldu dutenez, parte hartu beharko lukete biktimek, Nafarroako erakunde nagusiek eta eragile memorialistek; tartean, Sanferminak 78 gogoan elkartea. Izan ere, EH Bilduk nabarmendu duenez, «oztopoak oztopo», eragile horiek «lan nekaezina» egin dute, «bai memoria bizirik mantentzeko, bai ahanzturari aurre egiteko».

Haratago ere jo dute, baina. Testuaren arabera, Espainiako Kongresuak eskatu du, Memoria Demokratikorako Legeak ezartzen duenaren arabera, 1978ko sanferminetako eta Gasteizko martxoaren 3ko krimenen inguruan informazioa pilatzen ari diren elkarteek parte hartzea Giza Eskubideen Urraketak Argitzeko Batzordean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.