Espainiako Kongresuak Eutanasia Legea onartzeko pauso bat eman du

Osoko bilkuraren oniritzia behar du orain, eta Senatuarena ondoren. 36tik 22k babestu dute testua; PPk eta Voxek baino ez dute baztertu

Eutanasia legeztatzeko milioi bat sinadura bildu zituzten iaz. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak onartu egin zuen atzo Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena, 36 kideetatik 22k aldeko botoa emanda. PSOEk landu du lege proiektua, eta PPk eta, atzoko saioan, soilik Voxek eman zuten haren aurkako botoa. Hurrengo pausoa osoko bilkuran onartzea da, eta litekeena da urrats hori urtea amaitu baino lehen egitea. Senatuaren onespena beharko luke gero. Edozein kasutan, testuak atzo jaso zuen babesa aintzat hartuta, ematen du ez duela aparteko zailtasunik izango bi ganberen onespena izateko.

Eztabaidan, alderdi politiko gehienek beharrezkotzat edo ontzat jo zuten araua. Legegaiaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinen bat edo pairamen larri, kroniko eta ezintasunen bat eragiteko modukoa duten pertsonei eman ahalko zaie eutanasia, osasun zentroetan nahiz etxebizitzan. Hiltzeko erabakiak autonomoa eta informatua izan beharko du, kanpoko presiorik gabe, eta gutxienez bi aldiz eskatu beharko du pazienteak, gutxienez hamabost eguneko tartearekin. Gainera, batzorde batek aztertuko du baldintza guztiak betetzen diren eri batek eutanasia jasotzeko. Bestalde, publikoki finantzatuko da, eta osasun langileek kontzientzia eragozpena azaltzeko aukera izango dute.

Maria Luis Carcedo PSOEko diputatuak PPren eta Voxen jarrera txarretsi zuen, «demagogia merkea» egiten dutelakoan: «Espero dut, bihotzez, ez zuek eta ezta zuen gertukoek ere lege hau ez erabili behar izatea». Rosa Maria Medel Unidas Podemoseko diputatuak nabarmendu zuen ez dela inor «behartzen» eutanasia hartzera, eta «heriotza duinerako eskubidea» bermatu nahi dutela. EAJko diputatu Joseba Agirretxeak, berriz, beharrezkotzat jo zuen «uste propioez haragoko» legeak egitea: «Guztientzako legeria bat behar da». Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatua pozik agertu zen, hogei urtean hamazazpi saio egin direlako legea aurrera ateratzeko eta, itxuraz, oraingoan onartu egingo delako: «Aurrerapauso garrantzitsua da. Espero dugu etorkizunean zuzentzea egungo mugak eta hobetu beharreko gaiak».

PPk eta Voxek gobernuari egotzi zioten legea «azpikeriaz» onartu nahi izatea. Jose Ignacio Echaniz PPko diputatuaren arabera, «zaintza aringarri onekin, eutanasia bezerorik gabe geratzen da; aldiz, zaintza aringarri onik gabe, sufritzen ari dena eutanasiara bultzatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.