Espainiako Kongresuak atzera bota du proxenetismoa zigortzeko PSOEren proposamena

Sozialisten aldeko botoa izan du soilik proposamenak, ez Sumarrek, ezta gobernua babesten duten gainerako indarrek ere ez baitute babestu.

Ana Redondo eta Andrea Fernandez.
Espainiako Berdintasun ministro Ana Redondo eta Andrea Fernandez diputatu sozialista, gaur, Kongresura sartu aurretik. KIKO HUESCA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 21a
19:00
Entzun

PSOEk lege proposamen bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, Zigor Kodean aldaketa batzuk egin eta hala proxenetismo mota guztiak zigortzeko. Proposamenak tirabirak eragin ditu koalizio gobernuan, Sumarrek ez baitu babestu, ezta normalean gobernua babesten duten indarrek ere: EAJk, EH Bilduk, ERCk, Juntsek eta Podemosek. PPren sostengua lortzea zen sozialisten itxaropen bakarra, baina hori ere ez dute eskuratu, eta lege ekinbideak ez du lortu aurrera egiterik.

Osoko bilkura hasi baino pare bat ordu lehenago, PPk erabaki gabe zeukan zer bozkatuko zuen. Hitza hartu duenean, baina, Ana Alos bozeramailea kritiko agertu da proposamenarekin, eta «erretiratzeko» eskatu dio PSOEri, Genero Indarkeriaren Kontrako Estatu Itunean gai horri buruz ados jartzen saiatze aldera.

Andrea Fernandez diputatu sozialistari egokitu zaio proposamena defendatzea. Prostituzioa «inpunitatez aritzen den industria kriminaltzat» eta «giza eskubideen urraketa larritzat» jo du, eta adierazi du haren sustraia «matxismoa eta emakumeen kontrako indarkeria» direla.

EAJren izenean, Joseba Andoni Agirretxea diputatuak esan du proposamen honekin PSOEk zera egin duela: «Soka moztu, eta sarerik jarri ez». «Aldaketa honek zigorra ekarriko luke proxenetentzat, eta babesgabetasuna prostituzioan aritzen diren emakumeentzat», erantsi du. Agirretxearen ustez, proposamena balekoa da baldin eta helburua zigortzea bada, «baina asmoa baldin bada prostituzioaren arazoa konpontzea, oso motz gelditzen da». Galdetu du zergatik sozialistek ez duten lege egitasmo integral bat eraman Kongresura, «Zigor Kodearen bi artikulu aldatzea proposatu beharrean».

EH Bilduko Bel Pozuetak, berriz, esan du «prostituzioa eta emakumeen salerosketa» desberdindu behar direla, eta azken hori dela galarazi beharrekoa: «Zigorrarena biderik okerrena da», azaldu du, eta, horren ordez «lege serio eta integral bat» egitea proposatu du: «Neurri hauek onartuz gero, prostituzioan aritzen diren emakumeek horretan jarraituko lukete hurrengo egunean, baina babesgabeago egongo lirateke mafien, bezeroen eta Poliziaren aurrean».

Eskakizun batean bat etorri dira EAJ eta EH Bildu: azpibatzorde bat sortzea gaiaren inguruko eztabaidari «bere ertz guztietatik» heltzeko eta prostituzioan aritzen diren emakumeen ahotsa entzuteko.

Bigarren saialdia

PSOEren bigarren saialdia da proxenetismo mota guztiak legez zigortzeko. Aurreko agintaldian ere xede hori zeukan proposamen bat aurkeztu zuen, eta Espainiako Kongresuak hura tramitatzea onartu zuen PPren botoei esker, baina, geroago, proposamenak ez zuen biderik egin. Orduan, EAJk eta EH Bilduk abstentziora jo zuten, eta ERCk eta Unidas Podemosek kontrako botoa eman zuten.

Martxoan, bozen kanpainaurreko ekitaldi batean, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarri zuen berriro aurkeztuko zutela prostituzioa abolitzeko lege proposamena. Oraingoan, sozialisten asmoa da Zigor Kodearen 187. artikulua aldatzea eta «dirua irabazteko asmoz beste norbaiten prostituzioa sustatzen edo errazten dutenak» zigortzea, hiru eta sei urte bitarteko espetxe zigorrekin. Orain arte, proxenetismoan «jazarpenez edo indarkeriaz» aritzea baino ez dago zigorturik. Norberaren jabetzako toki bat prostituziorako erabiltzea eta sexu harremanak izatearen truke ordaintzea ere zigortu nahi dute sozialistek; azken kasu horretan, 12 eta 24 hilabete bitarteko isunak jartzea proposatzen dute.

Espainiako Gobernuari sostengua ematen dioten taldeen artean ez dago adostasunik gai honen inguruan: batzuek uste dute «gai konplexua» dela, aldez aurretiko eztabaida politiko eta soziala eskatzen duena, eta beste batzuek batez ere gaitzetsi dute PSOEk «alde bakarrez» jokatu duela, eta, bere bazkideen iritzia aintzat hartu beharrean, «mugimendu feministan banaketa eta desadostasun handiak sortzen dituen proposamen bat» aurkeztea erabaki duela.

Sumarrek, esaterako, osoko bilkura hasi aurretik ere iragarria zuen kontrako botoa emango zuela: «Prostituzioan aritzen diren emakumeei prekaritate, babesgabetasun eta zaurgarritasun handiagoa ekarriko lieke proposamenak», esan dute Sumarreko diputatu Gala Pinek, Tesh Sidik eta Engracia Riverak; «bortxazko proxenetismoa zigortzearen alde gaude, baina proposamen honek hutsune handiak ditu, eta ez du lanaren, etxebizitzaren eta prestakuntzaren inguruko inolako neurri sozial edo ekonomikorik aurkezten».

Prostituzioan aritzen diren zenbait emakumek elkarretaratzea egin dute Kongresuaren aurrean, Abolizioa Stop plataformak deituta, eta salatu dute proposamenak, haien ustez, «ikusezintasunera, prekaritatera eta klandestinitatera» eramango dituela horretan diharduten emakumeak: «Suedian, Frantzian eta beste zenbait herrialdetan abolizioa porrota eta hondamendia izan da; pertsona horiek eskubideak behar dituzte». Abolizioaren alde dauden zenbait elkarte, berriz, Kongresuan egon dira PSOEren proposamenari babesa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.