Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak albora utzi du Dignidad y Justicia elkarteak eginiko eskaera, eta ez du No me llame Ternera dokumentala Zinemaldian eman aurretik ikusiko. Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohiari eginiko elkarrizketa batean oinarritzen da lana, eta elkarteak fiskaltzari eskatu dio aurretik ikusteko, horretan litekeena delakoan «terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea».
Fiskaltzak, ordea, eskaera baztertu du, prentsa askatasunak babesten duelako dokumentala, eta hori «ezin da inolako aurretiko zentsura motarekin murriztu», argudiatu dutenez. Auzitegiak gogoratu du halakoetan bakarrik argitaratu ostean bahitu daitezkeela lanak, epaileen agindu bat badago. Horrez gain, azaldu du prentsa askatasunaren aurkako neurriak ezin direla hartu delituren bat egin dela «uste edo suposatzen delako». Izan ere, salatzaileek ez dute Jordi Evole eta Marius Sanchez kazetariek zuzenduriko dokumentala ikusi. Irailaren 22an hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta orduan da estreinatzekoa, eta, gero, Netflix plataforman zabaldu asmo dute.
Abuztuaren amaieran iragarri zuen Evoleren taldeak dokumentala emango zutela 71. Zinemaldian, eta, irailaren hasieran, xehetasunak eman zituen jaialdiaren zuzendaritzak.
Joan zen igandean, gutun ireki bat helarazi zioten Zinemaldiaren zuzendaritzari dokumentala ez zabaltzeko eskatuz, ETA eta Urrutikoetxea «zuritzen» dituelakoan. 514 sinadura ditu gutunak, hala nola Carmelo Barrio, Carlos Garcia Adanero, Maite Pagazaurtundua, Carlos Martinez Gorriaran, Fernando Savater etaMari Mar Blancorenak.
«ETA eta geure herrialdeko historia terrorista tragikoa zuritzeko prozesuaren parte da, justifikatzeko kontakizuna, zeinak maila berean jartzen dituen hiltzaileak eta laguntzaileak, biktimak eta erresistenteak», adierazi dute sinatzaileek dokumentalaz. Hori dela eta, Zinemaldiari eskatzen diote lana programaziotik kentzeko, eta baita «etorkizunean ekoitz daitezkeen antzeko oro» ere.
Espainiako Justiziak ez du Urrutikoetxeari buruzko dokumentala zentsuratuko
Prentsa askatasuna «ezin da aurretiko zentsurarekin murriztu», adierazi dute. Filma kentzeko eskatu diote Zinemaldiari hainbat jendek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu