Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina hasi da dagoeneko. Euskal alderdien diskurtsoak kontuan izaki, eta batzuen irrika berriarekin, ez dirudi gure boza Espainiako Gorteak aukeratzeko denik. Azaroaren 20an Espainiako Diputatuen Kongresua eta inor gutxik ezagutzen duen Senatua berrituko dira, baina oraingoan zerbait gehiago jokatzen delako sentsazioa bada gurean.
Estatu mailako lehian, alderdi-bitasuna da nagusi, PP eta PSOE lehiatuko dira, eta langabezia, krisia, murrizketak eta ETA izanen dira hauteskunde eztabaidagaiak. Dena den, bada UPD bezalako alderdi txikien gorakadaz edota lehen aldiz aurkezten direnen (Equo, adibidez) sarreraz mintzo denik. Arrakasta eserleku bat edo bi lortzea bada, gerta liteke, baina balizko gehiengo absolutu batek hazkunde hori ezerezean utziko luke.
Eta zer dago jokoan Hego Euskal Herrian? Amaiurren apustuak urte askoan Ezker Abertzaleak Madrilekiko izaniko estrategiaren aldaketa bat irudikatzen du. Iñaki Antiguedadek parte-hartze horri ñabardura bat egin berri dio, eta Madrilen ezin dutela normal-normal jardun adierazi du, EAJk egiten duen bezala. Inkoherentzia litzatekeela. Amaiurren parte-hartze horren balorazio baikorrena egin nahi izan dutenek publikoki adierazi dute inoiz baino ordezkaritza zabalagoa izango dutela abertzaleek Madrilen. Pribatuan, ordea, batzuek zein besteek euskal abertzaletasunaren baitako hegemonia irudikatu nahiko dute, eta Espainiako Gorteetako emaitzek kinka horretan nor den indartsuen adierazi lezakete.
Hauteskunde bakoitzak bere idiosinkrasia du, udal eta foruetako emaitzak ezin daitezke estrapolatu, eta A20ko euskal mapak ez du autonomikoetakoa bezalakoa zertan izan. Halere, udal eta foruetako emaitzek batzuen garaipen sentsazioak eta beste zenbaiten beldurrak piztu dituztela aintzat hartu beharrean gaude. Alderdi abertzaleetara mugatuz, ikusiko da Geroa Baik NaBairen eserlekuari eusten dion. Eta sokatira nagusian, non kokatzen diren EAJ eta Amaiur. Ezker Abertzaleak oraindik legezko alderdirik gabe jarraitzen du, baina maiatzean inoiz ez bezalako presentzia mediatikoa lortu zuen Bildurekin. Orain Amaiurrekin ere haizea aldeko duela dirudi ETAren jardunaren amaiera dela medio. EAJri begiratuz, jabetzen da aurpegiz aurpegi izango dituela Amaiurrekoak. Urte askoan EAJ izan da Madrilen talde propioa izan duen alderdi abertzale bakarra, eta sarritan ikusi du eurak Madriletik lorturiko onurak (transferentziak kasu) Ezker Abertzaleak nola gutxiesten zituen. Orain bertako eserlekuengatik lehiatuko dira. Politikaren paradoxak.
Sinesgabeak salbu, asko dira oraingoan Madrilen jokoan beste zerbait badela ikusten dutenak. Finean, guk aukeratu ahal ditugun Kongresuko 23 eserlekuen koloreek abian den prozesuan eragina izan dezaketela uste dutenak, abiaduran behinik behin. Ez da gutxi. Ea egunen batean beste gaiek ere horrelako lehentasuna duten.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak
Espainiako Gorteetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu