Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua

Argudiatu du ezin dela dekretu bat baliatu Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumen bat emateko, eta eskubide historikoen artean ere ez dagoela. Nafarroako Gobernuak iragarri zuen auzitegietan defendituko zuela eskumen aldaketa helegiteen aurka.

Nafarroako Gobernuak trafiko eskumena jasotzean egindako ekitaldia, Maria Txibite presidentearekin. NAFARROAKO GOBERNUA.
Nafarroako Gobernuak trafiko eskumena jasotzean egindako ekitaldia, iazko ekainean, Maria Txibite presidentearekin. NAFARROAKO GOBERNUA
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 19a
14:10
Entzun

Jucil guardia zibilen elkarteak aurkeztutako errekurtsoa onartu du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta gaur bertan behera utzi du trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku uzteko Espainiakoak onartu zuen errege dekretua. Argudiatu du ezin dela dekretu bat baliatu Nafarroako Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumen bat emateko, eta eskubide historikoen artean ere ez dagoela. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, baina, trafiko eskumena bereganatzeko asmoa berretsi du, eta azaldu du alderdiekin hitz egiten ari direla beste formula bat topatzeko: «Nafarroaren autogobernua eta erregimen forala babesten ditut, eta babestuko ditut».

Gorenaren arabera, posible da trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku geratzea, baina horretarako beste bide bat jorratu beharko litzateke, eta ez Espainiako Gobernuak baliatutakoa. Ebazpenean azaldu dutenez, Foru Hobekuntza erreformatu beharko litzateke eskumen hori txertatzeko, edo, Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikuluan zehazten den moduan, eskualdaketari bide emango liokeen lege organiko bat onartu Espainiako Gorteetan.

Izan ere, epaileen ustez, Foru Hobekuntzak ez du Guardia Zibilaren trafiko agenteek Nafarroan betetzen duten funtzioa jasotzen duen titulurik bere horretan. Hala, argudiatu dute Foru Hobekuntza onartu aurretik —1982an— Nafarroak trafiko arloan zituen eskumenei erreparatu dietela erabakia hartzeko orduan, eta hortik ondorioztatu dutela eskumena Guardia Zibilarena izan dela. Haien esanetan, Foruzaingoak arlo horretan eginiko lana Guardia Zibilaren menpekoa izan da, «kolaborazioan eta kooperazioan» oinarritua.

Horiek hala, hiru aukera ditu Nafarroako Gobernuak ebazpenari erantzuteko. Batetik, errekurtso bat ezar dezake Auzitegi Konstituzionalean, baina prozesuak iraun bitartean ez litzateke eskualdaketa gauzatuko, behin-behinean. Horren ordez, Gorenak ebatzitakoaren bidetik, Foru Hobekuntzaren erreforma sustatu dezakete Nafarroan, edo Espainiako Gorteetan lege organiko bat tramitatu eta onartu.

Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak aditzera eman duenez, azken bi horietako baten alde egingo du gobernuak, «beharrezko mekanismoa» martxan jarrita «autogobernuan aurrera egiteko» konpromisoari eusteko. Horiek hala, azaldu du alderdiekin lanean ari direla, beste formula bat adosteko asmoz trafiko eskumenaren eskualdaketa gauzatzeko, eta Espainiako Kongresuari eta Moncloari erreparatu die horretarako, esanez eskumenaren transferentziaren aldeko gobernu bat dagoela Madrilen.

Txibiteren esanetan, Gorenak bere jurisprudentzia propioaren kontrako zuzenketa bat ezarri du. Hain zuzen, adierazi du 2018an auzitegi hark emandako ebazpenean oinarritu zirela Nafarroako Gobernuko eta parlamentuko zerbitzu juridikoak erabilitako formularen alde egiteko, eta gehitu Nafarroako Parlamentuan ez zela zalantzan jarri bide hori: «Inork ez zuen zalantzan jarri gure autogobernuaren bidean aurrera egitea».

PSNk, berriz, ohar bidez adierazi du «Nafarroako legea» defendatuko dutela, eta gehitu adierazpen instituzional bat aurkeztuko duela Nafarroako Parlamentuan, trafiko eskumenaren eskualdaketa «Nafarroaren eskubide historiko» gisa defendatzeko: «Trafiko eskumena Nafarroara eskualdatzea onartzeko bidean parte hartu duten alderdi horiek posizionatu egin beharko dute, eta erabaki ea Foru Hobekuntzan eta konstituzioan jasotako Nafarroaren eskubide historikoak errespetatzen dituzten». Horiek hala, Ramon Alzorriz PSNren eledunak azaldu du eskura dituzten «tresna demokratiko guztiak» erabiliko dituztela eskualdaketa defendatzeko: «Argi eta garbi esan behar da gure eskumenak defendatuko ditugula, gure autogobernua defendatuko dugula». Trafiko eskumenari dagokionez, gaineratu du Gorenaren erabakia ez datorrela bat Nafarroako Parlamentuko alderdien gehiengoaren ikuspegiarekin.

EH Bilduren ustez, ebazpena Nafarroaren «subiranotasunaren kontrako eraso juridiko larri bat» da, eta agerian uzten du autogobernua eguneratzeko beharra: «Nafarroaren eskumenetan sinesten dugu, eta pentsatzen dugu ezin garela Madrilgo auzitegien erabakien menpe egon». Laura Aznal eledunak gogoratu du trafiko eskumena historikoki Nafarroaren eskumena izan dela, «frankismoak kendu» arte. Hala, adierazi dute ez dutela «onartzen» Gorenaren erabakia, «Nafarroako gizartearen borondatearen kontra» egiten duelako: «Nafarroako gobernu guztiek eskatu dute, baita UPNren gobernuek ere».

Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek ere «autogobernuaren kontrako eraso larritzat» jo du ebazpena: «Oso larria da autogobernua nafar gizartearen etorkizunerako tresna dela uste dugunontzat». Izan ere, argudiatu du Gorenaren erabakiak estatuaren «birzentralizazioaren» alde egiten duela: «Beste modu batean tramitatzeko eskatzean, eskubide historikoen izaera ukatzen du». Eta EH Bilduk egin bezala, gogoratu du frankismoa izan zela Nafarroari trafiko eskumenak kendu zizkiona. Hala, «arlo juridikoan eta politikoan» lan egitera dei egin du.

Zurekin Nafarroak, bestalde, uste du ebazpenaren oinarrian arrazoi «politikoak» daudela, eta horren adibidetzat jo du Gorenak bere jurisprudentzia «zuzendu» izana: «Presio politikoak goi magistraturako bulegoetan sartu dira berriz ere». Ohar bidez, azaldu dute ebazpenak Nafarroaren autogobernua eta Espainiako Konstituzioa «gutxiesten» dituela, ez dituelakoan kontuan hartzen Nafarroaren eskubide historikoak. Hala, helegite bat jartzearen alde azaldu da.

Beste muturrean, UPNk «men egin» dio Gorenaren ebazpenari. Alderdi hark Txibiteri eskatu dio bere gain hartzeko gertatutakoaren ardura: «Trafiko eskumenak legea betez iritsi behar du Nafarroara, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak batera lan eginda». Argudiatu dute Guardia Zibila ezin dela «desagertu» Nafarroako errepideetatik, «nazionalistek eta independentistek» hala nahi duten arren. Hain zuzen, trafiko eskumena eskualdatzea EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio baten ondorio izatea txarretsi du.

Nafarroako PPko buru Javier Garciak, berriz, adierazi du eurek emana zutela abisua: «Ez badago Nafarroaren eta Espainiako Gobernuaren arteko hitzarmenik Foru Hobekuntza moldatzeko, ezin da adostu Guardia Zibilari trafiko arloan betetzen dituen funtzioak kentzea». Era berean, kritikatu du baliatu den prozedurak «segurtasuna eta legezkotasuna kendu» izana transferentziari. Madrilen, berriz, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren dimisioa eskatzeko baliatu dute popularrek auzi hau ere. Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak adierazi du Guardia Zibila Nafarroatik «kanporatu» nahi izatea «legez kanpokoa» eta «immorala» dela.

«Lortu dugu»

«Azkenik, lortu dugu, elkarrizketari eta leialtasun instituzionalari esker». Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat egin zuen iazko ekainean, Nafarroako Jauregian, trafiko eskumena berriz bere gain hartuko zuela ospatzeko. Maria Txibite jarduneko lehendakariak eskerrak eman zizkion Espainiako Gobernuari, akordioa izenpetzeagatik: «Gure funtsa ulertu du, eta gure foraltasuna errespetatu».

Trafiko eskumena, ordea, zeresan handiko eskumena izan da Nafarroan; konpetentziak egin duen joan-etorriko bideagatik eta eskumen eskualdaketak sektore batzuetan eragin duen arrangura politikoagatik. Nafarroako eta Espainiako gobernuek iaz hitzartu zuten trafiko eskumena Nafarroari itzultzea. Errepide eta bide zaintza betidanik bere gain izan du Nafarroak, baina, 1960ko hamarkadan, erregimen frankistak kendu egin zion, eta zentralizatu egin zuen funtzio hori.

2018ko urriaren 30ean, Moncloan, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariarekin izandako bileraren ostean, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen eskumen hori itzultzeko. Alta, akordioa blokeatuta egon zen aurreko legealdian, eta, Espainiako aurtengo aurrekontu orokorren negoziazioan, EH Bilduk PSOErekin hitzartu zuen azkenean Sanchezen konpromiso hura gauzatzea.

Iazko martxoaren 23an sinatu zuten akordioa estatuko eta Nafarroako ordezkariek, uztailaren 1etik aurrera indarrean sar zedin, eta adostu zuten lau urteko epea izatea transferentziak. Besteak beste, egun trafikoan aritzen diren guardia zibilek foruzain egiteko aukera izango dute nahi izanez gero, Nafarroako Polizien Legeari esker. Baldintza hobeak errespetatuko zaizkie, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.