Memoria

Espainiako gobernuburu ohiek Martin Villaren aldeko gutun bat bidali diote Serviniri

Ceaqua plataformak salatu du presio politikoa egin dutela, eta esan du Villak lortu zituen adostasunek ez diotela ardura penalik kentzen. Servinik etzi galdekatuko du Barne ministro ohia, prozesu luze baten ondoren.

78ko Sanferminak Gogoan taldeak German Rodriguezen omenez egin zuen ekitaldia, iaz. VILLAR LOPEZ / EFE
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 1a
18:35
Entzun

Behin eta berriz saiatu eta gero, Maria Servini epaileak bihar galdekatuko du Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia. Villa Argentinara eramatea zen hasierako asmoa; gero, Servinik Madrilera joatea erabaki zuen, eta, azkenean, Internetetik egingo dute saioa. Argentinak Madrilen duen enbaxadan egongo da Villa. Gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiote; besteak beste, Gasteizko Martxoaren 3ko eta 1978ko Sanferminetako gertakariengatik. Galdekatu eta gero, Servinik hamar egunen buruan erabakiko du Villa auzipetu ala ez egozten dizkioten delituengatik.

Eldiario.es atariak argitara eman duenaren arabera, Espainiako Gobernuko presidente ohiek gutun bat bidali diote Servini epaileari, Villari babesa adierazteko. Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk, hain zuzen. Horiez gain, ministro ohiaren alde agertu dira Nicolas Redondo, Candido Mendez, Antonio Gutierrez eta Jose Maria Fidalgo, UGT eta CCOO sindikatu nagusietako idazkari nagusi ohiak, baita Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi ordezkaria ere.

Horiek guztiek Villak Francoren diktaduraren osteko garaian izan zuen garrantzia nabarmendu dute. Zapatero gobernuburu ohiak, esaterako, adierazi du Villak «uste osoarekin eta modu eraginkorrean» jokatu zuela «demokraziaren jaiotza sendotzeko». Gonzalezek, berriz, zuzenean eskatu du alde batera uzteko ministro ohiaren kontrako prozesu «zentzugabea» eta zigortzeko kereila jarri izana; haren ustean, Villak portaera «akasgabea» izan zuen Gobernazio edo Barne Ministerioaren buru zela.

Jasotako babesekin batera, Villak ere gutun bat bidali dio Servini epaileari bere burua defendatzeko: «Ezinezkoa da genozidio bat gertatu izana trantsizioan, geure hurbileko historiaren arorik onenetako batean», idatzi du han.

Ceaqua Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako Plataformak atsekabetuta salatu du Espainiako Gobernuko presidente ohiek Villak lortu zituen adostasunez hitz egin izana hari «ardura penala» kentzeko asmoz. Plataformarentzat, babes mezua presio politikoa egiteko «saiakera baldar bat» izan da, «beste esku hartze bat» Villaren aurkako auzibidean. «Martin Villa babestu duten horiek guztiek ezarri, finkatu, garatu eta onartu zuten naturaltasun osoz Espainiako Estatuan nagusi den inpunitatea. Horrek eragozten du Francoren diktaduran eta trantsizioan egin zituzten gizateriaren aurkako krimenak ikertzea eta epaitzea», adierazi du plataformak ohar batean.

Ceaquak agerraldi bat egingo du ostegunean, epaiketaren egunean. Hiru auzi jartzailek hartuko dute parte agerraldian; besteak beste, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak eta Fermin Rodriguez 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak.

Urteetako prozesua

Argentinako justiziak 2014ko urrian eskatu zuen Villa atxilotzeko, baita Francoren diktadura garaiko beste zenbait ministro eta polizia ohi ere. Espainiako Gobernuak ez zuen estradiziorik onartu; deklarazioa hartzea bai, handik bi urtera. Prozesua hainbatetan katramilatu da bidean. Dozenaka elkarte memorialistak egin dute bat Villaren aurkako kereilarekin.

Ministroa izan zen bitartean, Espainiako Poliziak eta talde ultraeskuindarrek 90 lagun baino gehiago hil zituzten. Euskal Herrian, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia —bost hildako— 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko astea —zazpi hildako— eta 1978ko sanferminetako gertaerak —bi hildako— jazo ziren, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.