Espainiako Gobernuari Israelekin harremanak eteteko eskatu diote milaka lagunek Iruñean

Manifestazioa egin dute, Europa plazatik Antoniutti parkera. Palestinako herriaren kontrako «genozidioa» bukatzeko eskatu dute.

Milaka lagun bildu ditu Yala Nafarroa plataformak gaur Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Milaka lagun bildu ditu Yala Nafarroa plataformak gaur Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
mikel p ansa
2024ko apirilaren 21a
19:06
Entzun

Milaka herritar atera dira berriro kalera Iruñean, Palestinako herriaren kontrako «genozidioa» gelditzeko eskatzera. 3.500 lagun baino gehiago elkartu ditu Yala-Nafarroa plataformaren deialdiak, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako hainbat herritan ere egin dituzte protestak gaur, eta Espainiako Gobernuari mintzatu zaizkio protesta horietan, Israelekin harreman diplomatiko eta komertzialak erabat eten ditzala eskatzeko.

Europa plazatik abiatu da manifestazioa, 12:00 aldera, joaldunen talde bat buruan zela. Palestinako lurraldearen mapa handi bat eraman dute bertako zenbait herritarrek. Manifestazioaren pankartan joan dira Yala plataformako kideak, eta haien atzetik zenbait ordezkari politiko; besteak beste, Bel Pozueta EH Bildukoa, Isabel Aranburu Geroa Baikoa eta Begoña Alfaro Zurekin-ekoa.

«Ez dira heriotzak, hilketak dira», «hildako ume bakoitza gure umea da», «estatu sionista, estatu terrorista» eta antzeko oihuak egin dituzte manifestariek, Antoniutti parkean manifestazioa bukatu den arte. Han egin dute manifestazioa bukatzeko ekitaldia, txalapartariekin, dantzariekin eta kantuekin.

Isa Egigurenek, Ola Arafatek eta Lidon Sorianok agiri bat irakurri dute, euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren, eta horrekin bukatu da protesta. «Gazan, hamar minututik behin ume bat hil edo elbarri uzten dute. Ankerkeria horren aurka, ezinbestekoa da gure gobernuak, tokikoak eta nazionalak, presionatzea, Israelekin komertzio, akademia, kultura eta kirol arloko harremanak eteteko». Egigurenek gehitu du: «Zer gehiago gertatu behar da gure gobernuek erreakzionatzeko?».

Gazan urriaren 7tik «sarraski jarraitu eta ikaragarri bat» egiten ari direla salatu dute manifestariek. Adierazi dute Israelek su eten iraunkorra eman beharko lukeela «berehala», Gaza blokeatzeari utzi eta laguntza humanitarioa sartzeko. Israeli armarik ez saltzeko ere eskatu dute. «Europako gobernuek genozidio hau gelditzeko betebeharra eta obligazioa dute, nazioarteko zuzenbidearen arabera. Hori egiten ari da gaur Nafarroako gizartea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.