Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren kalte ekonomikoei aurre egiteko ekonomia plana eraman du gaur Kongresura, eta argitu da emaitza: aldeko 176 boto, kontrako 172 eta abstentzio bat. Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek adierazi du bozketa ez dela gobernuari buruzkoa, «herritarrei laguntzearen ingurukoa» baizik. Hala eskatu die gobernuak orain arte bazkide izan dituenei espiotza kasuen afera eta dekretuaren inguruko bozketa bereizteko. EH Bilduk gaur goizean iragarri du alde bozkatuko duela, eta hori erabakigarria izan da lege dekretua onartzeko. Izan ere, Espainiako Gobernua saiatu da PP abstentziora bultzatzen, ezezkoaren aldeko blokea indargabetzeko, baina PPkoek ezezkoari eutsi diote azkenean.
PPren azken orduetako jarrera aldaketak izan dira dekretuaren onarpena kolokan jarri duten arrazoietako bat. Izan ere, PPkoak eta Espainiako Gobernua lehenengoen abstentzioa negoziatzen aritu dira. Azkenean, baina, zergak jaisteko exijentziei eutsi die PPk, eta ez dute akordiorik lortu. «Txeke zuriak, dilistak eta Gobernuarekiko otzantasuna, bide horretatik ez», adierazi diote alderdiko iturriek Efe albiste agentziari.
PPren abstentzioak aukera emango zion gobernuari Espainiako presidente Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdien beharrik ez izateko; hau da, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi abertzale eta independentisten beharrik ez zuen izango dekretua onartzeko. Halere, PPkoek azken erabakia hartu aurretik iritsi da EH Bilduren erantzuna, eta ezerezean utzi ditu PPren eskaerak. «Sanchezek EH Bildu aukeratu du, alderdi konstituzionalen ordez», kritikatu du Jaime de Olano PPko diputatuak.
Mertxe Aizpuruak esan du Pegasus programaren espioitza kasuak arrakala bat ireki duela gobernuaren eta hura sostengatzen duten bazkideen artean, baina koalizio independentistak «esaten duena egiten duela eta egiten duena esaten duela». Nahiz eta iragarri zuen espioitza kasuak eragina izango zuela bere jarreran, Aizpuruak argudiatu du herritarren ongizatearen mesedetan bozkatuko dutela dekretuaren alde, ez gobernuaren mesedetan: «Gure konpromisoa herritarren aldekoa da». Hala, EH Bilduren aldeko bost botoak erabakigarriak izan dira.
EAJk ere dekretuaren alde bozkatu du. Idoia Sagastizabal jeltzaleak jakinarazi du ez daudela gustura Espainiako presidente Pedro Sanchezen dekretuan jaso dituzten neurri guztiekin, eta ez dela taldeekin adostu, baina alde egingo dutela. Era berean, nahiz eta espiotza kasua «larria» izan, bi aferak banatu behar direla azaldu du. Gehitu du enpresa eta familia askoren egoera arinduko duela dekretuan jasotzen den 16.000 milioi euroren diru sailak; besteak beste, erregaien prezioa merkatuz. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoei, besteak beste, PSOEko, UP Unidas Podemoseko, Mas Paiseko eta Teruel Existeko diputatuen botoak gehitu zaizkie.
UPko eledun Pablo Echeniquek eskerrak eman dizkie aldeko botoa eman dutenei, baina baita aurkakoaren alde egingo duten batzuei ere. Izan ere, Margarita Robles Defentsa ministroa kritikatu du atzo izaniko jarreragatik, eta «gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala hausten saiatzea» egotzi dio, independentisten aurkako espioitza defendatzeagatik. «Nire indar politikoa estatuko estoldek espiatu izan dute, eta eskertzen dugu gehiengo aurrerakoiaren parte direnek erakutsitako jarrera», gehitu du.
ERC indar horietako bat da. Esquerrak ezezkoa bozkatu du, Espainiako Gobernuak ez duelakoan erantzukizunik argitu espioitza kasuetan. «Espainiako Gobernuari eginiko lehen oharra da», adierazi du ERCk prentsa ohar batean, EH Bilduren aldeko botoaren berri izan ostean. Margarita Robles Defentsa ministroaren dimisioa berriz eskatu dute errepublikanoek. «Dimisioa eman behar du. Eta ez du eman orain arte». PSOE «arduragabekeriaz» jokatzen ari dela gaineratu dute. Kontra bozkatzeko erabakiarenardura «ezin da espiaturikoen, hau da, biktimen bizkarrean utzi», Espainiako Gobernuak «tresna asko» dituelako «egoera berriz bideratzeko». Halere, eskua luzaturik jarraituko dutela gaineratu dute, baina ez oinarrizko eskubideak defendatzeari uko egitearen lepotik.
CUPek ere erabaki bera hartu du: «Nola fidatuko gara hau bezalako kasu batean ezer egin ez, eta, gainera, harrotasuna agertzen duen gobernu batez?», salatu du, Pegasus programaren auzia dela eta.
Horrez gain, Voxek eta Ciudadanosek ere kontra bozkatu dute, baita Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas UPNko parlamentari ohiek ere.
Ikusi gehiago:Gonzalo Boye, abokatua: «Ikerketa eraginkor bat nahi dugu delituak egin diren toki guztietan»
Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren kalte ekonomikoei aurre egiteko prestaturiko neurri sorta bat jasotzen ditu dekretuak. Duela hilabete onartu zuen gobernuak, eta neurriak indarrean dira. 16.000 milioi euroko plan bat da, eta bost ardatz nagusi ditu: langile eta familiei laguntzeko neurriak, energia, industria ehuna, garraioa eta zibersegurtasuna. Erregaiena da neurri gailena —litroko 20 zentimoko hobaria—, baina, horrez gain, besteak beste, alokairuaren igoera %2ra mugatuko du hurrengo hilabeteetan, eta aldi baterako enplegu erregulazioak bigunduko ditu, kaleratzeak egiteko debekuaren baldintzapean. Pandemian erabilitako neurria da hori.
Bozketa, baina, buruzagi independentista katalan eta euskal herritarren kontrako espioitza kasuaren ekaitzaren erdian iritsi da. Ez da lehen aldia Espainiako Gobernuak oposizioa zelatatzen duena, baina Pedro Sanchez gutxiengoan da Kongresuan, eta oraingoan gobernuak bazkide dituenak zelatatu izanak hautsak harrotu ditu, aurrekoetan ez bezala. Giroa baretzeko Espainiako Gobernuk egindako ahaleginek ez dute emaitzarik izan. Igandean, Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren arteko elkarrizketa mahaia bildu zen. Espainiako Gobernuak esan du ez duela zerikusirik espioitza kasuarekin, baina Margarita Robles Defentsa ministroak atzo iradoki zuen justifikatuta dagoela independentistak espiatzea.
Inbestidurako bloke deritzona indartsu agertu zen legealdi hasieran, baina azken hilabeteetan zenbait arrakala ireki zaizkio; batez ere, PSOEren eta ERCren arteko ezin ulertuak direla medio. 2022ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan akordio bat ixtea kosta zitzaien bi aldeei, eta horren ostean iritsiko zen lan erreformaren ingurukoa. Espainiako Gobernuak, erreforma Espainiako patronalarekin eta sindikatu nagusiekin adostu ostean, uko egin zion ERCren eta EH Bilduren proposamenak aztertzeari, eta Ciudadanosekin adostu zuen hura aurrera ateratzea. Ordutik, ERCk behin eta berriz salatu dute Gobernuaren bide aldaketa, eta EH Bilduk aldaketa horren arriskuak kontuan hartzeko eskatu dio Moncloari. Halere, otsailean bertan, aliantza «berregitearen» alde agertu zen koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi.