AHTa Nafarroatik Ezkiora lotuko den, Gipuzkoatik, edo Gasteizera lotuko den argitzeko daukate, eta azken hilabeteetan ugaritzen ari zaizkio Espainiako Gobernuari lotune horren inguruko txosten informatiboei buruzko galderak. Oskar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren ministroak erantzun behar izan die gaur, Espainiako Senatuko kontrol saioan, Mari Mar Caballero UPNko senatariak eta Uxue Barkos Geroa Baikoak eginiko galderei. Hiru aukerak aztertzen ari direla berretsi du, baina adierazi du Gasteizkoa dela bideragarriena. Antzera erantzun zion idatziz Espainiako Gobernuak joan den ostiralean EH Bilduko senatari Josu Estarronari, Ezkioko loturak «zalantza handiak» eragiten zituela esan zuenean. Horrenbestez, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Gasteizko lotura, nahiz eta Puentek esan duen hiru aukerak daudela mahai gainean, hirurak aztertuko dituztela, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitz eginda aukeratuko dutela aukerarik onena.
Barkosek Puenteri egotzi dio alderdikideek, Arabako PSE-EEkoek eta PSNkoek, esan izana AHTaren lotunea Gasteiztik egin ezean ez zela egingo, eta galdetu dio ea zer informazio zuten esku artean halako baieztapenak egiteko. Eskatu dio hiru aukerak aztertzeko —Ezkiokoa, Gasteizko eta Bakaikukoa—, eta aukerarik onenaren alde egiteko, eta ez soilik erreparatzeko kostuari: «Nafarroak ez du onartuko aukera bat merkeena delako soilik; onena nahi dugu».
«Nafarroak ez du onartuko aukera bat merkeena delako soilik; onena nahi dugu»
UXUE BARKOSGeroa Baiko senataria
Eskatu dio azterketa zorrotzak eta eraginkorrak egiteko erabakia hartu aurretik, eta horretan ari direla erantzun dio Puentek, zailtasunekin ari direla aitortu arren. Gogoratu du 2017an bideragarritasuna aztertzeko akordioa egon zela, baina geroztik milaka alegazio jaso dituztela, tartean Eusko Jaurlaritzaren bat. Alegazio horretan, Ezkioko lotura jasota dago, baina proposatzen dute Aralar zulatu eta hogei kilometroko tunel bat egin beharrean, Aralar zeharkatu eta bi kilometroko tunela egitea. Puenteren arabera, hiru aukerak daude mahai gainean, baina esku artean duten azterketa batean ondorioztatu dute Gasteizkoa egokiagoa dela «gaitasun eta bideragarritasun aldetik». Dena den, berretsi du informazio osoa edukitzean erabakiko dutela.
Mari Mar Caballero UPNko senatariak ere galdetu dio Puenteri AHTaren lotuneari buruz, eta Ezkiokoa defendatu du, uste baitute hala Nafarroa hobeto lotzen dela «Europako garraio sarearekin».
Puentek baieztatu duen bakarra izan da Iruñearen eta Altsasuren arteko loturari buruzko azterketa informatiboa bukatua dutela jada, baina horrek ez du baldintzatzen Altsasutik gorako lotura.