Espainiako Gobernuak urruntze agindu birtuala ezarri nahi du adingabeak babesteko

Ingurune digitalean adingabeak babesteko legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Besteak beste, 14 urtetik 16ra igo nahi dute sare sozialetan datu pertsonalak tratatzeko baimena emateko adina.

Adingabe batzuk sakelakoekin, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Adingabe batzuk sakelakoekin, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 4a
16:30
Entzun

Ingurune digitalean adingabeak babesteko lege organikoaren aurreproiektua onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak. Helburua du adingabeen eskubideak bermatzea, Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak azaldu duenez: «Besteak beste, intimitaterako eta ohorerako eskubideak errespetatzea da asmoa». Sektore publikoan zenbait betebehar ezarriko dituzte, eta Zigor Kodea moldatuko dute, beste delitu batzuk ere kontuan hartzeko.

«Adingabeen osasuna, ongizatea eta segurtasuna daude jokoan, baita familien lasaitasuna ere», nabarmendu du Bolañosek. Izan ere, gogoratu du ingurune digitala «ezinbesteko esparrua» dela gazteentzat, eta bertan, adibidez, hezkuntzarako informazio ugari jaso dezaketela. Halere, ohartarazi du ingurune horrek «arriskuak» ere badituela: «Ziberjazarpena da horietako bat; adikzioa ere eragin dezake». Hortaz, auzia «modu integralean» landu behar dela zehaztu du. «Babesa hobetzeko lehenengo urratsa izango da hau». Behin Ministroen Kontseiluak onartuta, bide parlamentarioa hasiko du legeak, eta, onartu bitartean, aldaketak egiteko modua ere izango da.

Hiru multzotan sailkatu dituzte neurriak. Batetik, sektore publikoari zenbait betebehar jarri nahi dizkiote: «Sentsibilizazio kanpainak sustatu beharko dituzte, eta ingurune digitaletik kanpoko ekintza osasungarriak antolatu». Are, neurri jakin batzuk ezarriko dituzte osasungintzan eta hezkuntzan. Bestetik, Zigor Kodea moldatu nahi dute, beste delitu batzuk ere kontuan hartzeko. Eta, azkenik, hainbat baldintza ezarri nahi dizkiete teknologia enpresei.

1

Osasungintza eta hezkuntza

«Gero eta ohikoagoak diren adikzioak prebenitzeko», osasungintzan neurriak ezartzea proposatzen da lege aurreproiektuan. Teknologiaren erabilera desegokiak hautemateko protokolo espezifiko bat sortu nahi dute. Pediatrek abiaraziko dute, adingabeei aldizka egiten dizkieten azterketetan. Era berean, osasun arloko langileei prestakuntza eman nahi diete teknologiak eragin ditzakeen adikzioen inguruan, eta osasun mentalarekin lotutako zentro espezifikoak sortzeko asmoa dute, adikzioen «patologiei» aurre egiteko.

Osasungintzan ez ezik, hezkuntzan ere ezarri nahi dituzte neurriak. Adin etapa guztietan, alfabetatze digitalarekin lotutako baliabideak eskainiko dizkiete ikasleei, teknologia modu seguruan erabil dezaten eta euren eskubideen berri jakin dezaten. Beste eduki batzuk ere eskainiko dizkiete gazteei: besteak beste, hiritartasun digitalarekin, zibersegurtasunarekin eta datuen babesarekin lotutakoak.

2

Urruntze agindu birtuala

Adingabeen eskubideak errespetatzeko eta jarrera jakin batzuk zigortzeko Zigor Kodea moldatu beharko dela ere jasotzen da proposamenean. «Legedia aldatuko dugu, gaur egun jada gertatzen diren baina zigorrik ez duten delitu jokabide batzuk zigortzeko», esan du Bolañosek. Hartara, orain arte jaso gabeko delitu batzuk izendatuko dituzte. Horietako bat izango da urruntze agindu birtuala. Zigortutako erasotzaileei urruntze agindua ezarri ahalko diete Interneten, eta agindu hori urruntze agindu fisikoari gehituko zaio. Indarrean jartzen bada, zigortutakoa ezingo da biktimarekin harremanetan jarri sare sozialen bidez.

3

Beste delitu batzuk

«Ultrafaltsifikazioak» ere zigortu nahi dituzte. Legea onartzen bada, urtebeteko edo bi urteko kartzela zigorra ezarriko diete adimen artifizialaz lagunduta norbanako baten irudia eta ahotsa zabaltzen duten horiei, «eduki sexualeko egoerak edo larriki iraingarriak direnak simulatuz, pertsona horren baimenik gabe eta haren integritate moralari kalte egiteko asmoz».

Delitutzat joko dute «Internet bidezko iruzurra» ere; hots, adina, sexua edo beste ezaugarriren bat faltsutzea, adingabe batekin harremanetan jartzeko eta haren sexu askatasunaren aurkako delituren bat egiteko. Adingabeei pornografia edukia bidaltzea ere zigortuko dute.

4

Gurasoen kontrola

Teknologia enpresei dagokienez, zirriborroaren arabera, fabrikatzaileek gailuei nahitaez ezarri beharko diete gurasoek kontrolatu ahal izateko sistema bat. Sistema hori doakoa eta irisgarria izango da, eta gailua piztu ondoren konfiguratu ahal izango da. Horrela, gurasoek edo tutoreek erabaki ahal izango dute zein aplikazio, zerbitzu edo eduki mugatu adingabeei. Horrez gain, fabrikatzaileek «arriskuei buruzko informazio etiketak» ezarri beharko dizkiete teknologia gailuei.

5

Adina egiaztatzeko neurriak

Adina egiaztatzeko neurriak jaso dituzte aurreproiektuan. «Gaur egungo sistemak gainditzea da asmoa, ez baitira batere eraginkorrak; galdetu besterik ez dute egiten, eta 18 urte dituztela erantzunez gero, edukia ikus dezakete», kritikatu du Bolañosek. Eta ziurtatu du sistema berriak «eraginkorrak eta ezinbestekoak» izango direla.

Behin legea onartuta, 14 urtetik 16ra igoko da sare sozialetan datu pertsonalak tratatzeko baimena emateko adina. Eta bideoak trukatzeko plataformek estekak jarri beharko dituzte «salaketa kanaletara» eta «gurasoen kontrolerako sistemara» zuzenean jotzeko. «Ez dadila ginkana bat izan sarbide horiek webgunean aurkitzea». Bestalde, influencer-en betebeharrak indartuko dituzte, berma dezaten euren ohiko jardueren parte diren adingabeak babestuta daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.