Espainiako Gobernua harremanetan jarri da Usansoloren (Bizkaia) desanexioaren ardura hartu duen batzorde kudeatzailearekin, eta adierazi dio haien eskaera atzera bota dutela; hala, Madrilek eten egin du Galdakaotik banandu eta Bizkaiko 113. udalerria eratzeko prozesua. Agustin Aizpuru kudeaketa batzordeko presidenteak «txarto» jaso du albistea, baina adierazi du aukera mahai gainean zegoela: «Nolabait, espero genuen hau pasatzea. Ez da sorpresa bat». Lurralde Politikako Ministerioaren ebazpenak, baina, «linbo» batean utzi du prozesua, eta erantzuteko modua aztertzeari ekin dio kudeaketa batzordeak.
Jakinarazi dutenez, ministerioak asteartean ebatzi zuen Usansolo udalerrien erregistroan txertatzearen kontra, argudiatuta ez dituela betetzen Espainiako legediak jasotzen dituen betebeharrak; hau da, ez dituela gutxieneko 5.000 biztanleak. Izan ere, Usansolok 4.520 bizilagun zituen eskaera egin zuenean, gobernuaren arabera.
Ebazpena, baina, ez da behin betiko erabaki bat, eta errekurtsoak aurkeztu ditzakete kudeaketa batzordeak, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak. Horretarako bi aukera dituzte, Aizpururen hitzetan. Batetik, bide administratibotik ekitea, berriz ere eskatuz Usansolo udalerrien erregistroan txertatzeko; horretarako bi hilabeteko epea dute. Bestetik, prozesu juridiko bat hastea. Halere, Aizpuru berak jakinarazi du bi prozesuei batera heldu diezaieketela, edo lehenik bati eta gero besteari. Erabakia, ordea, datozen egunetan hartuko du kudeaketa batzordeak.
Usansoloren desanexio prozesuaren oztopo nagusietako bat izan da biztanle kopurua, eskumen gatazka bat mahai gaineratuz. Izan ere, Espainiako Gobernuak behin eta berriz adierazi du estatuko legedian finkatutako 5.000ko langa dela kontuan hartu beharrekoa udalerri berri bat eratzeko, eta Estatuaren Abokatutzak ere hala egin du, prozesuaren kontrako errekurtso bat aurkeztuz EAEko Auzitegi Nagusian.
Usansolo Herria plataformak, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, baina, beste interpretazio bat egin dute, eta Bizkaiko Foru arauak jo dituzte oinarritzat. Haien arabera, 2.500 herritar izatea eta zerbitzuen zein ekonomiaren aldetik bideragarria izatea nahikoa da udalerri bilakatzeko. Bide horretatik, EAJk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek «orain arteko oztopoak» gainditzeko lege aldaketa bat proposatu zuten Espainiako Kongresuan, foru araua lehenestearen alde eginda.
Bide luzea
Usansolon, 1980ko hamarkadan ekin zioten desanexioaren aldeko urratsak egiteari; besteak beste, 1987an egin zuten lehen galdeketa, eta eten baten ostean, 2014an bigarrena. Halere, azken urteetan beste abiadura bat hartu du prozesuak. Iazko martxoan hirugarren galdeketa egin zuten, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek azaroaren 23an onartu zuten Usansolo Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea. Hala, maiatzean eratu zuten Usansoloren desanexioa kudeatzeko batzordea, 11 kidez osatua: Usansolo Herria plataformako zortzi ordezkari, eta EAJko hiru.
Espainiako Gobernuak uko egin dio Usansolo udalerri gisa erregistratzeari
Madrilek argudiatu du Usansolok ez duela gutxieneko biztanle kopurua. Kudeaketa batzordeak ebazpenaren kontrako errekurtsoa jarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu