Espainiako Gobernuak lege aurreproiektu bat onartu du trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko

Lege organikoaren aurreproiektuaren helburua Nafarroako Foru Hobekuntza trafikoaren alorrean erreformatzea da. Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostu dute edukia, eta bide parlamentarioa hasiko du.

Trafiko eskumena lortzean, horrelako autoak erabiliko dituzte foruzainek. JESUS DIGES / EFE
Trafiko eskumena lortzean, horrelako autoak erabiliko dituzte foruzainek. JESUS DIGES / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko uztailaren 9a
14:05
Entzun

Nafarroako Gobernuak trafiko eskumena berreskuratzea ahalbidetuko duen lege organikoaren aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak, gaur egindako ministroen kontseiluan. Beste urrats bat da Espainiako eta Nafarroako gobernuek duela sei urte adostutakoa bete dadin: Nafarroak trafiko eskumena berreskuratzea. Aldarrikapen historiko bat da, Nafarroak bere esku izan baitu historikoki bide segurtasuneko eta trafikoko eskumena, harik eta 1962an diktadura frankistak kendu zion arte.

Lege organikoaren aurreproiektuaren helburua da Nafarroako Foru Hobekuntza trafikoaren alorrean erreformatzea. Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostu dute lege organikoaren aurreproiektuaren edukia, eta, onartuta dagoenez, bide parlamentarioa hasiko du. Bide hori bihurgunerik gabekoa bada, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak onartutako lege organiko bat izango du helmuga. Bide parlamentarioa hasi besterik ez da egin, ordea, eta hainbat batzordetatik eta kontsulta organotatik igaro beharko du aurreproiektuak.

Espainiako Auzitegi Gorenak trafiko eskumenaren eskualdaketa blokeatu ostean egin dute aurreproiektua. Izan ere, Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez onartu zuen transferentzia, baina Gorenak argudiatu zuen ezin dela dekretu bat baliatu Foru Hobekuntzan jasota ez dagoen eskumen bat emateko, eta eskubide historikoen artean ere ez dagoela. Trafiko eskumena Nafarroak berreskuratzeko zenbait modu proposatu zituen auzitegiak aurtengo otsailean egindako sententzian. Horietako bat zera da: eskualdaketari bide emango liokeen lege organiko bat onartzea Espainiako Gorteetan, Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikuluan zehazten den moduan. Bide horren lehen urratsa da gaur onartu duten aurreproiektua.

Espainiako Lurralde Politikaren eta Memoria Demokratikoaren ministro Angel Victor Torresek nabarmendu du dekretua ez zela «mekanismo legegilerik egokiena», eta horregatik egin dutela lege organikoaren aurreproiektua. Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde Felix Tabernak adierazi du Foru Hobekuntzaren hirugarren erreforma hau —1982an onartu zuten, eta bi aldiz baino ez dute erreformatu— «aurrerapauso bat» dela Nafarroako autogobernua sendotzeko; kasu honetan, trafiko eskumena berreskuratuta.

Zeresan handiko eskumena

2018an, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko orduko presidentearekin izandako bileraren ostean, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen trafiko eskumena eskualdatzeko. Dena den, akordioa blokeatuta egon zen aurreko legealdian, eta, Espainiako aurtengo aurrekontu orokorren negoziazioan, EH Bilduk PSOErekin hitzartu zuen azkenean Sanchezen konpromiso hura gauzatzea. Hitzarmenaren fruitua zera izan zen: iazko ekainean iragarri zuten Espainiako Gobernuak Nafarroakoaren esku utziko zuela trafiko eskumena. Gaur egun, Guardia Zibilaren esku dago, eta zeresan handiko eskumena izan da Nafarroan; besteak beste, eskumen eskualdaketak sektore batzuetan eragin duen arrangura politikoagatik. Jucil guardia zibilen elkarteak aurkeztutako errekurtsoaren ondoriozkoa izan zen Gorenaren epaia, kasurako.

Iazko martxoaren 23an sinatu zuten akordioa estatuko eta Nafarroako ordezkariek, uztailaren 1etik aurrera indarrean sar zedin, eta adostu zuten lau urteko epea izatea transferentziak. Besteak beste, gaur egun trafikoan aritzen diren guardia zibilek foruzain egiteko aukera izango dute nahi izanez gero, Nafarroako Polizien Legeari esker. Baldintza hobeak errespetatuko zaizkie, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.