«Ez du legea betetzen, eta, beraz, ezin dugu babestu», adierazi du Espainiako Lurralde Politiketako ministro Isabel Rodriguezek, Usansolo herri bilakatzeko prozesuaz galdetuta, eta gehitu legedi aldaketa bat beharko litzatekeela horretarako. EAJko Mikel Legardak egin dio galdera, Espainiako Kongresuan.
Rodriguezen esanetan, Espainiako Gobernua konprometituta dago udal politikarekin, baina «batzearen» aldekoa da, ez «banatzekoa». Hala, posizio guztiak errespetatzen dituztela esan arren, azaldu du ez dutela bat egingo Usansolo herri bihurtzeko prozesuarekin. Argudiatu du Usansolok ez duela Espainiako legediak herri berri bat sortzeko ezarritako gutxieneko biztanle kopurua: 5.000 herritar —4.500 inguru ditu—.
Beraz, halakorik gertatzeko, legea aldatu beharko litzatekeela adierazi du Rodriguezek, ezin delakoan salbuespenik egin. Espainiako Kongresua horretarako leku egokia dela ere adierazi du: «Elkarrizketarako asmoa dugu, baina legea betetzea da muga bakarra».
Legardak gogoratu du Usansoloko herritarrek behin baino gehiagotan egindako eskaera dela herri bihurtzearena, eta jeltzaleek euren esku dagoena egin dutela herritarrek haien nahia adierazi dezaten. Hala, Bizkaiko foru legeen defentsa egin du, argudiatuta herri berri bat sortzeko biztanle kopurua 2.500 herritarretan ezartzen dutela haiek.
Usansolo Herria plataformak ere hitz egin du Kongresuan gaia tratatu izanaz. Haien arabera, afera Bizkaiko Batzar nagusietan bozkatu behar da, 9/2012 Foru Legean jasota dagoenez. Gehitu dute EAJko kideekin hitz egiten saiatu direla gaia tratatzeko, baina ez dutela jeltzaleen erantzunik izan. Horrek EAJk prozesuari emaniko «babes hutsala» agerian uzten du, plataformaren hitzetan: «Denbora daramagu lanean, oztopo legal guztiei aurre egiteko. Orain arte, EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren babesarekin bakarrik».
Martxoan, Usansoloko herritarrek baiezkoa eman zioten udalerri izateari, hirugarren aldiz segregazio prozesuaren aldeko mugimendua abian jarri zenetik. Emaitzak argiak izan ziren: herritarren %63,12k eman zuten botoa, eta horietatik %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu ziren.