«ETA baldintzarik gabe desegin behar da». Behin eta berriz errepikatu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Diputatuen Kongresuan. Presoen inguruko edozein neurri aztertzeko aurretiazko baldintza dela adierazi du, Amaiurrek presoen sakabanaketari buruz egindako galderari erantzunaz. ETA desegin arte, Espainiako Gobernuak ez duela gaia aztertu ere egingo esan du.
Gogor erantzun dio Barne ministroak Iñaki Antiguedadi, zeinak diputatu gisa azken aldiz hitz egin duen. «Zein neurri hartuko dituzu presoen sakabanaketa amaitzeko? Zer egingo duzu presoen eskubideak baldintzarik gabe errespetatzen direla bermatzeko?», galdetu dio Antiguedadek Fernandez Diazi, eskubideak ezin direla baldintzen pean eman edo kendu ohartarazita. Presoen sakabanaketa gehien sufritzen dutenak senideak direla salatu du. «Uste duzu senideak epaitu egin dituztela eta horren ondorioz jarri zaiela sakabanaketaren zigorra?».
Legeen zeregina
Presoen aurkako salbuespen neurriak atzeraeragintasunez ezartzen ari direla ere salatu du Amaiurrek, eta horretarako zigor kodea aldatu izana aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari. Hori ez dela onargarria uste du Antiguedadek; are gutxiago egungo egoera politikoan. Horri buruz ere galdetu dio Barne ministroari. Gatazka gainditzeko aukeren aurrean, legeek aukerak sortu behar dituztela esan dio diputatuak, ministroak berak erabilitako hitzak gogoratuta; ez dituztela oztopatu behar. «Egoera berri batetan gaudela uste duzu?», egin dio galdera. «Hori baliatu behar dela uste duzu? Espetxe politika honek aukerak ematen dituela eta ez oztopoak?».
Hain zuzen, egoera berria egonkortze bidean, ETAk Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketatzeko ordezkariak izendatu dituela jakinarazi dio ministroari, agiria ezagutu berritan.
Erasokor hasi du erantzuna ministroak: «ETAren propagandak eta Amaiurren hitzartzeek bat egiten dute beti denboran; liburu beraren orriak dirudite».
«Zorionez, ETAk dagoeneko ez ditu baldintzatzen ez gure pausoak ez gure bizitzak, eta, beragandik espero dugun komunikazio bakarra baldintzarik gabe desegin dela dioena da. Argi geratu da?», adierazi du Fernandez Diazek. ETAk gobernuekiko «espero duen elkarrizketaren» aurrean, ezezko borobila eman dio «negoziazioari». «Berriz diot», adierazi du zorrotz: «Gobernuak ez du negoziatu, ez da negoziatzen ari eta ez du sekula negoziatuko erakunde terrorista batekin». Desegiteko ez dela elkarrizketarik behar esan du; «desegin eta kito».
Nazioarteko egiaztatzaileei ere ezezkoa eman die: «Gobernuak ez du egiaztatzailerik behar; nahikoa du Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin».
Presoak, «bergizarteratzeko, berriz hezteko eta ETAk kanpotik egiten dien presioa saihesteko» sakabanatzen direla adierazi du ministroak. Beraz, «presoen eta senideen etsairik handiena ETA bera» dela. «Deseginda balego, ez legoke presoek erakundearen mehatxua izateko arriskurik, eta kausa hori gabe, ez luke zentzurik sakabanaketak», argudiatu du. «ETA desegin arte ez da gerturatzerik izango», ondorioztatu du. Edozein kasutan, presoak «ez engainatzeko» eskatu du: «ez da amnistiarik eta gerturatze masiborik etorriko».
Ihardespen txandan, «desegitea zer demontre» den argitzeko eskatu dio Antiguedadek ministroari. «Ez al da ez dela berriz errepikatuko ziurtatzea?». Nazioarteko egiaztatze taldearen zeregina horixe dela ohartarazi dio. «Ez bazara egiaztatzaileez piperrik fidatzen, ETAk agiri batetan desegin dela esan izanaz fidatuko zara?».
Ez, ez eta ez
Desegitea zer den azaldu dio Fernandez Diazek: «Ekintzak amaitzeaz gain, existentzia amaitzea eta egitura guztiak desegitea da, eta hortik aurrera, Estatuak baditu baliabideak erabaki hori egia den edo ez egiaztatzeko; horrek ez du behar ez bestelako egiaztatzailerik ez negoziaziorik, eta ez da halakorik egongo». Gobernuaren ustez ziurtatuta geratuko balitz ETA desegin dela, «kausak desagertuta leudeke eta pentsatuko genuke presoekiko bestelako neurriak hartu behar diren».
Diputatu kargua utzi aurretik egindako azken hitzaldian, Kongresuan sentitu duena azalduta amaitu du Antiguedadek lana: «Etorri nintzen sinesmen berdinekin noa Kongresutik: Gobernu honek duen defizit handiena ez da kontu publikoekin duena».
Konponbide prozesua. Euskal presoak
Espainiako Gobernuak ETA desegitean aztertuko du presoen sakabanaketa
Legeak aukerak sortzeko balia ditzala esan dio Antiguedadek Fernandez Diazi; «ez aukerak oztopatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu