Pedro Sanchezen jarduneko gobernuak Espainiako Fiskaltzari eskatu dio asteburuan bi euskal presori egindako harrera ekitaldiak iker ditzala. Madrilek ohartarazi du «onartezinak» direla horrelako ekitaldiak, «iraingarriak direlako terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat». Jesus Loza Gobernuaren EAEko ordezkariak jakinarazi du bi ekitaldietako polizien txostenak igorri dizkiola dagoeneko Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiari. Asteburuan geratu ziren aske Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoak, eta haiei eginiko harrera ekitaldiekin lotu dute auzia.
Eusko Jaurlaritzak, gainera, ezker abertzaleari galdegin dio presoen harrera ekitaldirik ez egiteko «biktimen eta haien familiekiko errespetuagatik». Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetzako idazkariak gaitzetsi egin ditu ekitaldiak, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak aurkako jarrera «irmoa» izan duela beti: «Ulertzen dugu ETAko preso ohiei egindako harrerek biktimengan eta elkarteengan sortzen duten mina eta haserrea, eta bat egiten dugu sentipen horiekin».
Zabaleta larunbatean irten zen libre, Zuerako kartzelatik (Zaragoza, Espainia), espetxean 29 urte egin ondoren, eta, eguerdian, harrera egin zioten Hernani jaioterrian (Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera, igandean; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia)Ekitaldiek aurkako jarrera uholdea ekarri dute.
Espainiako Gobernuaren iritziz, euskal presoen harrera ekitaldiak «ezin dira omenaldi publiko bilakatu, presoaren aitorpen bat egin eta haren krimenak legitimatzen» direlakoan: «Ezker abertzaleak autokritika egin behar du, eta goratze ekitaldi hauek sustatzeari utzi, biktimei eta haien familiei min erantsi bat eragiten baitie». Besteak beste, PPko eta Ciudadanoseko buruek ere kritikatu dituzte ekitaldi horiek. Ciudadanosek Fernando Grande Marlaska Barne ministroari eskatu dio Espainiako Kongresuan agerraldia egiteko, presoen harrera ekitaldiak «eragotzi ezizanagatik».
Biktimen elkarteek ere bide judizialetik jo dute: AVT eta Covitek jakinarazi dute salaketa jarri dutela Espainiako Auzitegi Nazionalean, ekitaldiek «terrorismoa goretsi eta biktimak umiliatzen dituztelako». Covitek, gainera, Hernaniko eta Oñatiko Udalen «erantzukizuna ikertzeko» eskatu du, harrerak toki publikoetan egitea ahalbidetzeagatik.
Espainiako Gobernuak eskatu du presoen harrerak ikertzeko
Fiskaltzari eskatu diote asteburuan bi euskal preso ohiri egindako harrerak ikertzeko. Jaurlaritzak ezker abertzaleari esan dio harrera gehiago ez egiteko, «errespetuagatik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu