Euskara

Espainiako Gobernuak esan du katalana ofizialtzeko bidea lehenetsiko duela Europako Batasunean

Gaur zuten euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasun eskea aztertzeko bilkura Bruselan; Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Manuel Albaresek esan du gaur egin duten urratsarekin bete dutela hartu zuten «konpromisoa»

jarraia232959.jpg
arantxa iraola
2023ko irailaren 19a
10:45
Entzun

Gaiaren inguruan bozkatu gabe amaitu da Europako Batasuneko Kontseiluan egin duten bilera. Han, aztertzekoak ziren Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ofizialtzeko egindako eskabidea, baina 27 estatuetako ordezkariek esan dute denbora gehiago behar dutela gaia aztertzeko. Bilerak 40 minutu eskas iraun du, eta hogei ordezkari inguruk hartu dute hitza. Kontseiluak kontuan hartu ditu haien zalantzak, eta esan du gaia berriz aztertuko dutela «aurreragoko bilera batean», datarik zehaztu gabe. Bileraren ostean, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek jakinarazi du aldaketa gauzatzeko erritmo jakin bat proposatu dutela: aurrena katalanaren gaineko erabakiak hartzea proposatu dute. Gerorako utziko dituzte euskara eta galiziera.

Bileraren ostean, Albaresek argudiatu du eskabidea eginda bete duela Espainiak gai honen inguruan hartu zuen «konpromisoa». Aintzat hartu behar da nondik nora egin zuen Madrilek gai hau Europako Batasunaren Kontseiluarenera eramateko urratsa. Abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea, Junts per Catalunyak hala eskatuta. Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko ordezkari Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Bilkuran inolako «betorik» ez dela egon esan du, eta zer egin aztertzea erabaki dela.

Kultura ministro Miquel Icetak, berriz, esan du gaur Bruselan baiezkorik lortu ez bada ere gaiaren gainean lanean jarraituko dutela. ERCko buruzagi Oriol Junquerasek nabarmendu du eskabidea aintzat hartu behar dela. Katalanak duen indarra erabili du argudio gisara; izan ere, gaur egun Europako Batasunean ofizial diren hamabi hizkuntzak katalanak baino hiztun gutxiago dituztela gogoratu du. Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuen «konpromisoa» konplitzeko «erremintak» eta «arrazoibideak» badituela esan du, eta urratutako bidean aurrera jarraitu behar duela. Junts per Catalunyaren izenean, Miriam Noguerasek azaldu du «konfiantza» dutela Espaniako Gobernuak egoera birbideratzeko izan dezakeen «gaitasunean».

Jakin izan denez, askotarikoak izan dira gainerako estatuek erakutsi dituzten zalantzak; legearekin lotutako dudak egon dira, finantzaketari buruzkoak, eta erabakiak erator ditzakeen aldaketa operatiboen ondoriozkoak. Neurriaren ondorioei buruzko txosten juridiko bat eskatu dute, besteak beste. Bilerara sartu aurretik egin dituzten adierazpenetan agerian utzi dituzte hainbat estatutako ordezkariek zalantzak.

Aldaketaren onurak

ELEN elkartean batuta ari dira Europako hizkuntza gutxituetan aldeko erakundeetako ordezkariak. Agerraldia egin zuten atzo Bruselan, eta aldaketak ekar ditzakeen «onurak» nabarmendu zituzten. Aldeko botoa eskatu zieten Europako Batasuneko 27 estatuetako gobernuei. Hizkuntzen«prestigioa» areagotzeaz harago, hainbat arlotan aurrerapausoak egiteko bidea arindu dezakeela uste dute. Euskalgintzaren Kontseiluaren izenean, idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, baldin eta erabakia hartzen bada, euskararen ofizialtasunak Euskal Herrian bertan dituen «paradoxak» agerian uzteko ere balioko du, eta bide horretan egin behar diren aldaketak aldarrikatzeko.

Egun, 24 hizkuntza ofizial ditu onetsiak Europako Batasunak ofizial gisara. Horietako bakar bat da gutxitua: Irlandak lortu zuen 2022an onestea gaelikoa. Hiztunen kopuruari begira, euskara baino egoera soziolinguistiko kaskarragoa du: 200.000 hiztun inguru ditu.

Gaia hizpide izan du gaur Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere. Ofizialtasunaren gaineko eskeak aurrez egin izan direla esan du, eta Euskal Herriko erakundeek hauspotutakoak izan direla horietako hainbat. Europako Batasuneko Atzerri ministroek gaur gaia aztertzeko erabakia hartu izana «urrats bat» dela onartu du, eta espero duela prozesua burutzea Europako Batasunean euskararen ofizialtasuna onartuta.

Espainiako Gobernuko buruek aurrena katalana lehenetsiko dutela jakinarazi dute gaur, eta, horren harira, Zupiriak esan du erabaki hori argudiatzeko ezin dela adierazi Kataluniako buruzagiek indar handiagoz egin dutela ofizialtasunaren aldeko eskea, Euskal Herritik ere ozendu izan den aldarria dela uste baitu. Zerrendatu egin ditu, hain justu, igaro urteotan egin diren hainbat eskabide. Eta ezinbestean bide horretan jarraitu behar dela uste du, Europaren «eleaniztasuna» goretsi behar den ezaugarri bat dela sinetsita. EAJk Madrilen esan du Espainiako Gobernuak egin duen urratsak ez duela lagunduko inbestidurarako negoziazioetan. EH Bilduk ere kritikatu egin du Espainiaren jarrera, eta «taktizismoa» leporatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.