Hizkuntza gutxituak

Espainiako Gobernuak esan du katalana ofizialtzeko bidea lehenetsiko duela EBn

Europako Batasunaren Kontseiluan gaiaz egin duten bilkuran ez da izan adostasunik. «Betorik» ez da, Madrilen arabera, baina duda ugari bai

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares, atzo, Bruselan. OLIVER HOSNET /EFE.
arantxa iraola
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Europako Batasunaren Kontseiluan aztertzekoak ziren atzo Espainiako Gobernuak euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ofizialtzeko egindako eskea, baina ebatzi zuten denbora gehiago behar dutela gaia aztertzeko. «Aurreragoko bilera batean» helduko diote berriro gaiari. Bileraren aurretik, Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek eskabidearen egokitasuna defendatu zuen. Erabakia ona dela argudiatze aldera, azaldu zuen euskara, katalana eta galiziera ez direla hizkuntza «gutxituak». Adibiderako, katalana hartu zuen: 10 milioi pertsonak hitz egiten dutela esan zuen. Bileraren ostean, hizkuntza hori lehenetsiko dutela jakinarazi zuen; behin ofizialtasunaren gaineko akordioa lortuta, katalana ofizialtzeko pausoak izango dira bultzatuko dituzten lehenengoak.

Ikusi gehiago: «Atsekabea» du Kontseiluak Bruselara begira; «kezka» Madrilen

Bileraren ostean, Albaresek argudiatu zuen, halaber, eskabidea eginda Espainiak konplitu duela gai honen inguruan hartu zuen «konpromisoa». Hain justu, aintzat hartu behar da nondik nora egin zuen Madrilek gai hau Europako Batasunaren Kontseilura eramateko bidea. Abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea, Junts per Catalunyak eskatuta. Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko Espainiako Kongresuko presidentetzarako aurkeztu zuten hautagaia babeste aldera.

Atzoko bilkuran inolako «betorik» ez zela egon esan zuen Albaresek, eta hemendik aurrerako urratsak zehaztu behar direla orain. Alde horretatik, Kultura ministro Miquel Icetak esan zuen atzo Bruselan baiezkorik lortu ez bazen ere, gaiaren gainean lanean jarraituko dutela. ERCko buruzagi Oriol Junquerasek, berriz, nabarmendu du eskabidea aintzat hartu behar dela. Katalanak duen indarra erabili zuen argudio gisara; izan ere, gogoratu zuen gaur Europako Batasunean ofizial diren hamabi hizkuntzak katalanak baino hiztun gutxiago dituztela. Espainiako Gobernuak bere gain hartu zuen «konpromisoa» konplitzeko «erremintak» eta «arrazoibideak» badituela esan zuen, eta urratutako bidean aurrera jarraitu behar duela. Junts per Catalunyaren izenean, Miriam Noguerasek esan zuen «konfiantza» dutela haiek ere Espainiak egoera bideratzeko izan dezakeen «gaitasunean».

Jakin izan denez, askotarikoak izan ziren atzo gainerako estatuek erakutsitako dudak; legalak, finantzaketari buruzkoak, eta erabakiak erator ditzakeen aldaketa operatiboen gainekoak. Neurriaren ondorioei buruzko txosten juridiko bat eskatu dute.

«Taktizismoa» egotzi diote

Gaia hizpide izan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere. Esan zuen ofizialtasunaren gaineko eskeak aurrez ere egin izan direla, eta Euskal Herriko erakundeek hauspotu dituztela usu. Horiek horrela, Espainiako Gobernuak aurrena katalana lehenetsiko duela jakin ondoren, kritikatu egin zuen erabakia. EH Bilduk, halaber, erabakia Madrilen «taktizismoaren» ondoriotzat du. Era berean, esan du ezin direla hartu hiztun kopuruaren araberako erabakiak. Egun, 24 hizkuntza ditu onetsiak Europako Batasunak ofizial. Bakar bat da gutxitua: Irlandak lortu zuen 2022an gaelikoa onestea. Baina euskara baino txikiagoak badira hizkuntza ofizialen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.