Espainiako Gobernuak dio ez duela hitz egingo ETArekin

Presoen eskubideen alde larunbatean egin zen manifestazio jendetsuari erantzun dio: «Gobernuak ez du presiorik onartuko»Basagoitiren ustez, Lopez «oker» dabil, eta espetxe politika ez da herritarren kezka

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez du ETArekin hitz egingo, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi duenez. «Gobernuak ez du ETArekin negoziatzeko asmorik, ezta ezker abertzaleari eskerrak ematekorik ere». Ezker abertzaleari, PPko gobernua «estu hartzen» saiatzen ari bada «oker» dabilela esan dio, eta alderdi politikoekin hitz egingo duela, baina ez ETArekin. «Talde terroristak jardun armatua amaitzea erabaki badu, garaitu egin dugulako erabaki du, eta ez mutil zintzo bihurtzea erabaki duelako». Orain ETAk egin behar duen gauza bakarra «desagertzea» dela adierazi du.

Larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazio erraldoiari ere erantzun dio Fernandez Diazek: «Espainiako Gobernuak ez du presiorik onartuko». Gainera, haren ustez, «ez da berria egun hauetan presoen aldeko manifestazioak egitea».

Esan du euskal presoekin ezin dela «jarrera berezirik izan». «Legea urratzea litzateke, eta gobernuak ez du legea urratuko».

Horiek horrela, zehaztu du euskal presoen kasuan ez duela erabaki «kolektiborik» hartuko, kasuak «banaka» aztertu eta legedia ere hala ezarriko zaiela. Azaldu du legeak aurreikusitako onurak preso guztiek izan ditzaketela, eta presoek, «barkamena modu indibidualizatuan» eskatu beharko dutela.

Antonio Basagoiti PPko EAEko presidentea ere mintzatu da presoen auziari buruz, Patxi Lopez lehendakariak azken egunotan emandako mezuaren aurka egiteko. Basagoitiren ustez, Lopez «oker dabil» Raxoiri espetxe politika aldatzeko eskatzen dionean. «Arazoa ez da Espainiako Gobernuaren politika; ETA oraindik existitzea da garrantzitsua».

Gainera, haren ustez, espetxe politika ez da «euskal herritarrak kezkatzen dituen zerbait; Batasunaren, ezker abertzalearen eta haiek laguntzen dituztenen aldarria» besterik ez da presoen gaiari heltzeko premia hori, Basagoitiren esanetan.

Hortaz, lehendakaria «oker» dabilela dio; «demokratek» eskatu behar dutena ETA desegitea dela. «Arazoa ez da espetxe politika, ETA ez dela desegin eta ez dela desarmatu baizik». Lopezi «zentzuz» eta «arrazionaltasunez» jokatzeko gomendatu dio.

Bide horretan, eskaera zehatza egin die PSOEri eta EAJri. «Batasuna» eskatu die «ETA desagerrarazteko», erakunde armatuak «ez dezan ezer zuzendu», eta «lehentasuna bakean eta askatasunean bizitzea izan dadin». Hortaz, ez daitezela «nahastu» esan die; ez dezatela «presarik edo antsietaterik» izan. «Premiazkoa ETA desagertzea da; ez espetxe politika».

PP-PSE «bat datoz»

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, hala ere, ez da «hausturarik edo urrunketarik» izan PSE-EEren eta PPren artean espetxe politika dela eta. Mendiak azaldu duenez, PPk eta PSE-EEk esan dutena gauza bera da, «baina beste hitz batzuekin esana».

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak astelehenean adierazitakoa ekarri du gogora Mendiak: Espainiako Konstituzioak amnistiarik ez duela onartzen esan zuen, eta Gobernuaren espetxe politika «legean oinarrituta» egongo dela beti. Horretarako, neurriak banakakoak izan behar dutela eta presoek barkamena eskatu eta biktimen erreparaziorako borondatea izan behar dutela. «Gallardonek eta Lopezek gauza bera esan dute, hitz desberdinekin».

Mendiak azaldu duenez, gizarteratzeko eta «malgu jokatzeko» aukera ematen du legeak; hori bai, neurriek banan-banakoak izan beharko dutela berretsi du, eta eragindako mina onartzeak izan beharko duela presoek «birgizarteratzeko nahia erakusteko lehen urratsa». «Uste dut ministroa argia izan zela alde horretatik, eta lehendakaria ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.