Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas 1984ko martxoan hil zituzten, tiroz; 113 bala zulo zenbatu zituzten haien gorpuetan. 41 urte beranduago, Eusko Jaurlaritzak senideei jakinarazi die aitortza jaso dutela motibazio politikoko biktima gisa, eta txostenaren amaieran Jaurlaritzari eta legebiltzarrari eskatzen zaie estatuko erakundeei galdegiteko Pasaiako lauak biktima gisa aitortzea. Pauso bat harago jo nahi dute senideek: «Orain, Espainiako Gobernuak dakiena kontatu behar du: nork, nola eta zergatik erabaki zuen gure anaiak exekutatzea». Aitortza lortu bada ere justiziarik ez dela egin esan dute senideek Azpeitian egin duten agerraldian (Gipuzkoa), Jaurlaritzaren ebazpenaren berri izan ostean.
Pello Aizpuru Arbelaitzek, Karlos Delas Aizkorbek, Javier Izura Sanzek eta Arantxa Isart Badiolak hartu dute hitza, senideen izenean. Adierazpen bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz. Bertan adierazi dutenez, «bazen garaia; gure anaiei egindakoa epaiketaz kanpoko exekuzio bat izan zela aitortu dute, eta ofizialki onartu dute Espainiako estatuaren errepresioaren biktimak izan zirela». Txostena argia eta eztabaidaezina dela esan dute. Izan ere, bertsio ofizialaren arabera, «aurrez aurreko» bat izan zen indar polizialen eta Komando Autonomo Antikapitalisten artean. Hori entzun behar izatea «mingarria» izan dela esan dute, eta egiaren aitortza ofizialerako bidea ez dela erraza izan.
Azken lau hamarkadetako bide malkartsua laburtu dute. Izan ere, gogora ekarri dutenez, auzi bat ireki zuten 1984ko martxoaren 22an senideak erail zizkietenean, baina hiru hilabetera artxibatu egin zen. «Nola da posible estatu demokratiko batean pertsona bat bahitu, torturatu, segada bat prestatu, segada hori sarraski bihurtu, gure senideak erail eta balaz josi, eta hori guztia ez zigortzea?», galdetu du Aizpuruk.
«Nola da posible estatu demokratiko batean pertsona bat bahitu, torturatu, segada bat prestatu, segada hori sarraski bihurtu, gure senideak erail eta balaz josi, eta hori guztia ez zigortzea?»
PELLO AIZPURUDionisio Aizpururen anaia
Izan ere, hori baita Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordearen txostenak onartzen duena. Gertaerak horrela izan ziren: 1984ko martxoaren 21ean, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Rosa Jimenoren deia jaso zuen Aizpuruk, hurrengo gauean Pasaiako badian hitzordu bat ixteko. Jimeno, baina, Espainiako Poliziak atxilotu zuen egun batzuk lehenago, eta torturatu ostean behartu zuten dei hori egitera. Hala, Aizpuru, Isart, Izura, Delas eta Joseba Merino Pasaiako badiara txalupaz iritsi zirenean, polizia andana zuten zain; 2004an, haietako batek auzitegietan aitortu zuen ehundik gora zirela. Tiroka hartu zituzten, eta Merino atxilotu zuten; gainerakoak han bertan hil zituzten.
Gertakariak ofizialki egiaztatu dira, eta hori «gezur ofizialak onartzen ez dituen eta egian oinarritutako kontakizuna eraiki nahi duen herri honen lorpena» dela gaineratu dute. Gogoratu dutenez, aitortza lortu badute ere, azken urteetan trabak baino ez dituzte izan auzibideren bat irekitzen saiatu izan direnean: «Lehen auzibidea ireki zenean epaileak ez zuen delitu zantzurik ikusi», esan du Aizpuruk, eta geroztik beste auzibide batzuk irekitzen saiatu izan direnean jakin dutela fiskalak aurka egin diela edo frogak ezkutatu dituela.
Sekretu Ofizialen Legea
Behin aitortza ofiziala jasota, Sekretu Ofizialen Legea desklasifikatzeko eskatu dute. Horrek egileak nor izan ziren jakiteko modua emango dielakoan daude. Hain zuzen, EAJk eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan eskatu izan dute hori, eta Espainiako Gobernuak legealdi honetan hartu du horretarako konpromisoa. Ikusteko dago noraino iritsiko den.
Orain artean, horrenbestez, senideek hartu izan dute Pasaian gertatutakoaren egia azaleratzeko ardura, eta horretan eman dituzte lau hamarkada. Erakundeen babesik ez dutela jaso esan dute; bai, aldiz, herritarrena: «Haiei esker egin izan dugu aurrera». Horregatik, gaurko agerraldia eskerrak emateko ere baliatu nahi izan dute. Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuak aipatu dituzte, baita Azpeitiko Udala, Iruñea eta Pasaia ere. Egiari Zor, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia eta EHUko Unesco katedra ere beren-beregi aipatu dituzte. Baita Oinatzak produkzioak eta Enrique Villarreal Armendariz El Drogas abeslaria ere, Bahía de Pasaia abestiaren bidez auziari ikusgarritasuna ematen lagundu duelako.
«Aitortza lortu dugu, baina justiziaren atzetik segituko dugu, justizia ez baita lortu»
ARANTXA ISART BADIOLAPedro Mari Isarten arreba
Izan ere, lau hildakoen gurasoek ez dute aitortza ofizialik jaso,«haientzat berandu etorri da». Aizpuruk esan du bere ama hil dela azkena eta, iazko udazkenean aitortzaren txostena aldekoa zela jakin zutenean, Jaurlaritzari mesedez eskatu ziola prozesua azkartzeko, ama osasunez larri zebilela-eta, hil baino lehen ebazpenaren berri izan zezan. Ohi baino gehiago luzatu da aitortza; izan ere, bizpahiru hilabeteko prozesua izaten da, baina honek sei hilabete behar izan ditu, eta aizpurutarren ama hura ikusi gabe joan da. «Guri eman diguten tratua ez diezaietela eman atzetik etorriko direnei, eta azkartu ditzatela prozesuak». Izan ere, balorazio batzordeak legebiltzarrean bertan salatu izan du baliabide eskasia.
Hain zuzen, joanak diren gurasoak izango dituzte gogoan larunbatean, urteurrenean egingo duten ekitaldian. Azokan izango da, 19:00etan. Isart: «Aitortza lortu dugu, baina justiziaren atzetik segituko dugu, justizia ez baita lortu».
Lau senideek Behatokiak jarri berri duen azken kereilaren parte ere badira. Gerra zikinaren biktima izan ziren hemezortzi senideek parte hartu dute kereila horretan.