LOMLOE garatu nahian, irakasgaien diseinu berria egin du Espainiako Gobernuak. Behin-behineko dokumentuan hainbat aldaketa egin dituzte, batez ere Batxilergoan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Gaur bilduko da Hezkuntza Batzorde Orokorra, eta autonomia erkidegoetako ordezkariei bertan jakinaraziko diete antolaketa akademiko berria. Aldaketek eragina izango dute Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere, dekretu bidez onartuko dituztelako. Datorren ikasturtetik aurrera indarrean egongo dira maila bakoitietan, eta hurrengotik aurrera, bikoitietan.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak proposamena jaso dute, eta iradokizunak egiteko aukera izango dute orain. Berez, LOMLOEren arabera, Madrilek curriculumaren erdia zehaztu dezake gehienez, baina, oraingo honetan, dekretu bidez onartu asmo ditu aldaketak Espainiako Gobernuak. Beraz, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere nahitaez ezarri beharko dituzte.
Aldaketarik handienetako bat Batxilergoko ikasleek nabarituko dute. Egun, hiru batxilergo mota dituzte aukeran —zientziak, giza eta gizarte zientziak, eta artea—; bost izango dituzte aurrerantzean: zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea musikaren eta aste eszenikoen adarrarekin; artea arte plastikoen, irudiaren eta diseinuaren adarrarekin; eta batxilergo orokorra. Azken horrek arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuko ditu, eta DBH amaitutakoan zer ikasi ziur ez dakitenei bideratuta dago, edo gero ikasi nahi dutenerako arlo bateko eta besteko jakintzak behar dituztenei.
Irakasgai berriak
DBHn, berriz, errotiko aldaketarik ez da izango, baina irakasgai berriak izango dituzte ikasleek. DBHko lehenengo mailatik hirugarrenera, Teknologia eta Digitalizazioa izeneko irakasgai bat izango dute, gutxienez ikasturte batean. Laugarren mailan, berriz, bi aukera izango dituzte: Teknologia edo Digitalizazioa. Gainera, maila horretako Ekonomia irakasgaia Ekonomia eta Ekintzailetza bihurtuko da, eta «sorkuntza izpiritua eta ekimena» bultzatuko du. Gainera, DBH4an aukerako beste irakasgai bat ere izango dute: Formakuntza eta Orientazio Pertsonala eta Profesionala. Dokumentuan jaso dutenez, psikologian, soziologian eta antropologian oinarrituta egongo da.
Hego Euskal Herriko ikastetxeek Balio Zibikoak ikasgaia ere eskaini beharko dute. Lehen Hezkuntzako bosgarren edo seigarren mailako eskola umeek jaso beharko dute, baita DBHko lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoek ere, ikasturte batean bederen. Filosofian ere, aldaketak: ez da derrigorrezkoa izango DBHko laugarren mailan; bai, ordea, Batxilergoko lehenengoan eta bigarrengoan —orain, lehenengoan soilik da derrigorrezkoa—.
Ikasgai berriez gain, beste aldaketa garrantzitsu bat ere egongo da DBHko azken mailan: batxilergo mota ikasturte hasieran aukeratu beharrean, amaieran aukeratu ahal izango dute.
DBHn ez ezik, Batxilergoan ere irakasgai berriak izango dituzte aukeran. Zientziak eta Teknologia Batxilergoa hautatzen dutenek, ohiko matematikaz gain, Giza Zientzietara Aplikatutako Matematikak ikasi ahal izango dituzte, «datuen analisiak eta interpretazioak pisu handiagoa» izango duten ikasgaia. Giza eta gizarte zientzien Batxilergoan, ez dute orain arte bezala Latina edo Matematika aukeratu beharko, eta biak egiteko aukera izango dute. Gainera, Marrazketa Teknikoa ikasgaiak bi aldaera izango ditu: teknologiari eta arkitekturari lotutako ikasketak egin nahi dituztenentzako bat, eta alderdi artistikoari lotuago egongo den beste bat.