Espainiako Gobernuak berriz atzeratu du turistei buruzko datu gehiago eskatzeko asmoa

Men egin die turismo sektoreko enpresei. Segurtasun arrazoiak argudiatuta, turisten kreditu txartelei buruzko informazioa jasotzera behartu nahi ditu hotelak-eta.

Bezero bat hoteleko egonaldia ordaintzen. DC STUDIO / FREEPIK
Bezero bat hoteleko egonaldia ordaintzen. DC STUDIO / FREEPIK
jakes goikoetxea
2024ko urriaren 5a
17:00
Entzun

Bidaiaria iritsi da hotelera eta harrerako langileak nortasun agiria eskatu dio. Nortasun agiriko informazioarekin osatu du bidaiariaren fitxa. Bidaiariak erreserba eta ordainketa Internet bidez egin baditu, kito. Bestela, harreran bertan ordaindu beharko du. Kreditu txartela datafonora hurbildu, eta txartela bueltan poltsikora edo poltsara.

Ohiko prozedura horretan aldaketa esanguratsuak indarrean sartzear egon dira Hego Euskal Herrian. Prozeduran baino gehiago, prozedura horretan bidaiariak eman beharreko informazio pertsonalean. Izan ere, Espainiako Gobernuak abenduaren 2an jarri nahi zuen indarrean hotelek, bestelako ostatuek, bidaia agentziek eta ibilgailuen alokatzaileek bezeroen informazio gehiago jasotzeko agindua.

Informazio gehigarri horren barruan zeuden ordainketa mota, kreditu txartel mota, kreditu txartelaren zenbakia, kontu korrontearen IBAN zenbakia, kreditu txartelaren iraungitze data, sarrera eta irteera egun eta orduak, posta elektronikoak, helbideak, adinak, bidaiarien arteko ahaidetasuna —bidaiarien artean adingabe bat baldin badago—... Berrogei datu baino gehiago guztira, horietako asko isilpekoak. Dozena bat datu inguru jasotzen dituzte gaur egun.

Informazio hori guztia gero Poliziaren esku uzteko. Segurtasuna izan baita Espainiako Gobernuak informazio hori guztia eskatzeko zuritzeko erabili duen arrazoietako bat: «Herritarrak mehatxu terroristetatik eta talde kriminalek egiten dituzten bestelako delituetatik babesteko premia». Errege dekretuaren arabera, dekretuak «ezinbesteko arautzea» du, eta «ez dago beste aukerarik nahi den helburua lortzeko». Eta zergatik ostatuak eta ibilgailuak alokatzeko enpresak? Ostatua eta ibilgailuak oso garrantzitsuak direlako delitugileen jokabidean. Horrelaxe dio errege dekretuak.

Kritikak

Baina informazio horren balizko erabilera, informazio hain garrantzitsua besteen esku utzi beharra eta herritarren pribatutasun eta intimitate eskubideak urratzea izan dira errege dekretuari egin dizkioten kritika nagusiak. 

Barne Ministerioak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak amore eman dute. Men egin diote turismo sektorearen presioari eta haserreari. Ez dituzte behartuko hotelak, ostatuak eta taxiak bezeroen informazio gehiago jasotzera. Espainiako Gobernuak atzo erabaki zuen, hotelen eta bidaia agentzien ordezkariekin bildu eta gero —Grande-Marlaskak neurria babestu zuen asteartean bertan—.

Oraingoz. Ez baita neurria behin betiko baztertzeko erabakia, atzerapen bat baizik. Beste atzerapen bat, berez errege dekretuak indarrean egon behar baitzuen —Espainiako Gobernuak 2021ean onartu zuen—; baina turismo sektorearen indarraren eta haserrearen eraginez aurretik ere atzeratu izan dute. 

Abenduaren 2an bidaiarien erregistroari buruzko errege dekretua indarrean sartuko da, baina hankamotz. Hotelek-eta bezeroen informazioa jasotzen jarraituko dute, baina gaur egun jasotzen dituzten datuak. Hori bai, Espainiako Gobernuak sortutako aplikazio batean: Ses Hospedajes.

Anaia Handia

Espainiako Gobernuaren asmoak kritikak eragin ditu oporretarako Espainia aukeratzen duten turisten herrialdeetan. Erresuma Batuan eta Herbehereetan, esaterako, Anaia Handia legea deitu diote errege dekretuari, turistak eta haiei buruzko informazioa kontrolatzeko asmoagatik. 

Turismo enpresen artean jarrera ezberdinak daude. CEAV Espainiako Bidaia Agentzien Konfederazioak eskatu du bidaia agentziak errege dekretu horren ondorioetatik kanpo utzi behar direla, gehienak enpresa txiki eta ertainak direlako, gainkarga bat eragiten dielako eta haiek bidaiarien datu horiek guztiak jasota ere, gero hotelek berriro datu horiexek jaso beharko dituztelako. Gainera, CEAVen iritziz, errege dekretuak datuen babeserako araudia urratzen du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.