Giroa gaiztotua izan dute gaur Espainiako Kongresuan. 7/2014 legearen erreformak harrotu ditu hautsak. Orain arte tramitazio guztian PPk eta Voxek babestu badute ere, aste honetan AVTk eta Covitek abisua eman ostean, PPk atzera egin du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio erreforma hori erretiratzeko.
2008an Europako Batasunak onartutako zuzentarauaren arabera, Europako Batasuneko estatuetan epaitu eta zigortu dituztenen espetxe-zigor urteak Espainiako auzitegiek aintzat hartzeko lege erreforma da, zigor beragatik bi estatukideetan espetxe urteak ez egin behar izateko. Horrek zuzenean eragingo luke zenbait euskal presoren egoeran. Orain arteko prozedura guztia babestu du PPk, baina zalaparta etorri da euskal preso batzuei, arau hori betez, Frantzian delitu beragatik egindako espetxe urteak ez dizkietelako aintzat hartuko.
Ikusi gehiago
Kongresuko gai zerrendan ez zegoen gaia, berez. Immigrazioari buruzkoak ziren hizpide. Baina PPk behartu du gaiaz hitz egitea. Mari Mar Blanco PPko senatari eta Miguel Angel Blancoren arreba eraman dute gaur Kongresuko osoko bilkurara, eta txalo artean hartu dute PPkoek, Alberto Nuñez Feijoo PPko burua lehen lerroan zela. Haren bidez eskatu diote Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari lege erreforma erretiratzeko, baina Sanchezek argi esan du ezetz: «Egia esan dezagun, ez dago zigor murrizketarik».
Sanchezek azaldu du erreforma horren bidez auzi beragatik Europako beste estatu batzuetan betetako espetxe zigorrak hartzen direla aintzat, Europako araudiari segituz. «30 urtera zigortuta daudenek 30 urte beteko dituzte, eta hamarrera zigortuta daudenek, hamar. Ez dago murrizketarik». PPri egotzi dio lege erreforma horrek zer eragingo zuen orain arte ez ohartu izana: «Ez dakit bazenekiten zer bozkatzen zen eta orain errua botatzen diguzuen, edo ez zenekiten, baina, orain arte egin duen bide osoan, PPren babesa izan du».
Feijook eskatu dio, berriz ere, erreforma hori bertan behera uzteko, hori baita bide bakarra aurrera egin ez dezan, Espainiako Gobernuak erretiratzea, bete beharreko tramitazio guztia denboran eta forman bete baitu. Senatukoa baino ez zaio falta. PPk gehiengoa duenez, atzeratu du bozketa, baina denbora kontua da. Urriaren 14rako deitu behar dute osoko bilkura bat Senatuan, tramitazioarekin segitzeko.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EAEko Justizia Auzitegian izan da, urte judizialaren hasiera ekitaldian, eta, zeharka bada ere, egin dio erreferentzia gaiari: uko egin dio mendekuan oinarritutako justiziari, eta gizarteratzean oinarritutako justizia aldarrikatu du.