Beste atzerapen bat AHT abiadura handiko trenarentzat Euskal Herrian. Erabakitzeko dago non lotuko diren euskal Y-a eta Nafarroako AHTa. Bi aukera aztertzen ari dira: Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), Aralar zulatuta, edo Gasteizen, Urbasa-Andiaren magaletik joanda. Korapiloak askatu gabe jarraituko du hilabete batzuetan. Izan ere, Jose Antonio Santano Espainiako Garraioko estatu idazkariak gaur esan du erabakia ez dela hurrengo urtearen hasieran hartuko eta gehiago luzatuko dela, laginketak egiteko arazoak dituztelako.
Santanok aitortu du zailtasunak dituztela Aralarren laginketak egiteko. Alde batetik, laginketak egin beharreko lurretara iristeko arazoak dituztelako, bai lur publikoetara, bai lur pribatuetara. Denbora baterako desjabetzeen prozedura onartu dute, «baina denbora behar da aurrera egiteko». Bestetik, laginketak sakonera handian egin behar dituzte, 200 metrora, «tunel batek zer eragin izango lukeen aztertu behar baita».
Ekitaldi bat egin dute gaur Irungo udaletxean, Irungo topoaren trenbideak trenbide sare orokorrean integratzeko ekintza protokolo orokorra sinatzeko. Irungo alkate ohia da Santano.
Epe zehatzik ez
Hego Euskal Herriko AHTa bukatzeko epeari buruz galdetu diote Espainiako Garraioko estatu idazkariari, baina ez du urterik zehaztu nahi izan, ikusita proiektuan arduraren bat duten agintari guztiek bukatzeko eperen bat zehaztu eta gero asko atzeratu direla: «Uste dugu [berak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Jasangarritasun sailburuak] herritarrek ez dutela frustrazio gehiago behar», Santanoren esanetan: «Data gehiegi eman ditugu, eta bakar bat ere ez da bete». Arkautiko korapiloko obra hasi eta bideratutakoan, orduan esango du noiz bukatuko den, «zehaztasun handiz». Garraioko estatu idazkariaren hitzetan, garrantzitsua da «jendeak ikustea» ez daudela geldirik, eta horretan ari direla.
Santanok «mezu positibo bat» zabaldu nahi izan du: Altsasu (Nafarroa) eta Iruñea arteko zatia «aurrera joango da», eta «laster albisteak izango dira». Eusko Jaurlaritzaren alegazio bat gehitu diote proiektuari, ibilbidea hobetzeko eta Aralarko mendilerroa «hainbeste ez inbaditzeko».